Pekin Koldo Almandozen laborategi bihurtu da
“Laborategi honetan eginikoak zer emaitza emango duen ez dago jakiterik; baina gauza badakit, ordea, esperimentua egite soilak merezi izan duela”. Koldo Almandoz (Donostia, 1973) zinemagilea Pekinen ari da lanean. Joan den abuztuan joan zen, euskal sortzaileentzako Goazen Txinara! erresidentzia programari esker. Judas Arrieta artistak, programaren bultzatzaileak, Pekinen bertan duen Ma estudioan hartu du Almandoz. Almandozen ustez, Pekinen filmatze lanak egitea urik dagoen jakin gabe igerilekura salto egitearen modukoa izan da: “Lokalizazioak bilatzea, lantalde tekniko eta artistikoa osatzea, tura-birak, baimenak, porrotak, lagunen eskuzabaltasuna eta bat bateko ezusteko liluragarriak”. Pekinen egin duen egonaldia laborategi bihurtu dela dio: “Inoiz baino argiago ikusi dut film bat egitea ez dela soilik filmatzea; prozesuaren zati bat besterik ez dela”. Bi film labur egin ditu zinemagile donostiarrak: Zergatik egin dezakete hegan txinatarrek eta Sits. Erresidentzia programa berarekin ere iritsi da Pekinera Ismael Iglesias margolari durangarra. Almandozekin batera erakusketa bat egingo du Pekinen bertan. Larunbatean aurkeztuko dute.