PSEk, EAJk eta PPk bat egin dute San Markoko presidentetza aldatzeko
Denis Itxaso izango da presidente berria, Bilduko Ainhoa Intxaurrandietari kargua kenduta
PSE-EEk, EAJk eta PPk hitzartutako akordioak orain artean San Markoko Mankomunitatean Bilduk zuen presidentzia kentzea lortuko du.
Oraindik presindetetza Ainhoa Intxaurrandietarena (Bildu) bada ere, akordio honekin laister presidente berria Denis Itxaso (PSE-EE) izango da, eta presidenteordea Ramon Gomez (PP).
Akordio honen helburua Bilduk orain artean dakarren zabor politika gelditu, eta aurretik hitzartuta zeuden egitasmoak aurrera eramatea da. Denis Itxasok argi esan duenez, lehen helburua eta bakarra atez atekoa gelditzea izango da.
Ramon Gomezek (PP) atzo izandako agerraldian Itxasok esandakoa baieztatu zuen, ez dela inolaz ere atez ateko sistemarik ezarriko. Gomezen hitzetan, «hondakinak kudeatzeko sistema hau donostiarren gehiengoak nahi duenaren aurka doa».
Zaborraren arazoari aurre egiteko orduan, atez atekoaren ordez sistema eraginkorrago bat ezarriko dutela diote, zehazki presidenteordea izango denaren hitzetan, egungo sistema hobetzeko ahalegina egingo dute, eta baita auzo gehiagotan bosgarren edukiontzia jarri ere.
PPren esanetan, bestalde, neurri hau hartu dute Bilduk orain arte bilkuretan erabaki izan denari ez diolako kasurik egin eta «ezin direlako inposaketa gehiago onartu».
Hurrengo helburua, GHK
Azken akordio honen gakoa EAJ izan da, baina, hala ere, ez PSE-EEk ez PPk ez dute nahikotzat jo ekimena. Izan ere, oraindik Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketan (GHK) Bilduk gehiengoa du, eta EAJren babesa behar dute PSE-EEk eta PPk Bilduri boterea kentzeko. Hala, PSE-EEk «ausartak» izan daitezen eskatu die jeltzaleei, haien esku baitago Bilduren kudeaketa «tamalgarriarekin» amaitzea.
PPren hitzetan, bestalde, lehen pausua hau izan da, baina «oraindik hobea litzateke, akordioa osoa izatea, Bildu aldunditik kentzeko eta atez atekoa inolaz ere ez ezartzeko». Baina, onartu dute oraingo aldaketarekin bakarrik ezingo dutela aldatu GHKren osaera; hots, bertako ardura postuak.
Azkenik, aldaketa noiz gauzatuko den galdetuta, argi utzi dute bai PPk zein PSE-EEk, Bildu traba handiak jartzen ari dela, batik bat, gaia jorratuko den bilera deitzerako orduan. Gomezen hitzetan, hala ere, bilera deitzeko muga hilaren 26a izango da, eta ordurako aurreikusten dute aldaketa.



