Sexuari denbora eskaintzeko aukera
Sexuari behar den denbora emateko TAO makina jarri dute martxan Bitxigorria denda erotikoaren kanpoaldean
Bitxigorria sexualitatea normalizatzeko helburuarekin sortutako proiektua da. Ez da denda erotiko xume bat, produktuari baino gehiago, bezeroei ematen baitie garrantzia. Dendaren izenak berak islatzen du hobekien denda erotikoek izan behar duten garapena. Iñaki Olaizola Bitxigorriako arduradunaren esanetan, «gorria sexuaren kolorea da eta bitxia, berriz, norbera, pertsona bera. Gizon eta emakume bakoitzak beregan duen altxorrari eman behar diogu balioa. Norbera da plazerra hobekien sentitu eta sentiarazten duena, produktuen menpe egotea ez da komeni».
Gozatuz ikasi
Gaur egungo sexu heziketan lan asko dago egiteko. Ongi daki hori Nerea Sanchok, Bitxigorriako sexologoak. Gizon eta emakumeentzako sexologi zerbitzua eskaintzen duten bakarrak dira beraiek. Nerea Sanchoren arabera, «urtean 600 kontsultatik gora izaten ditugu. Oraindik uste edo sexu-ohitura batzuk oso barneratuta badaude ere, pixkanaka-pixkanaka sexualitate eredua aldatu nahi dugu. Muga bakarrak buruak jartzen ditu eta oztopo horiek gainditzen laguntzen dugu guk».
Oztopo horiek gainditzeko sendagarik hoberena denbora da. «Osagarri erotiko onena elkarri eskaintzen zaion denbora da», dio Iñaki Olaizolak. Ideia horrekin jarri dute TAO makina dendaren kanpoaldean. «Egunero ehunka lagun ikusten nituen autoa aparkatzeko txanponak sartzen makinatxoan eta sexuari ere denbora eskaintzeko modu polita zela iruditu zitzaidan», onartu digu Iñaki Olaizolak. Denbora tiketak erosi eta trukean Bitxigorria dendak produktuak oparitzen ditu. Norberak mugatzen du sexuari eskaini nahi dion denbora.
Donostia Erotik 2016
Europako gainerako herrialdeetan erreferentzia izateko erronka du abian Donostiak, eta Bitxigorriak ere bai. «Slow-sex-a da bultzatu nahi dugun bizimodua; sexuari eta sexualitateari denbora eskaintzea, alegia», dio Nerea Sanchok. Iñaki Olaizolaren lema, berriz, «ez da txortan asko egin behar ongi sentitzeko; ongi sentitu behar dugu txortan gehiago egiteko». Sexua Santiagoko bidea bezalakoa da. Helburua ez da lehenbailehen helmugara heltzea, bidaiaz gozatzea baizik.