
Goenkaleko aktoreetako batzuk (Argazkia: Estitxu Zabala)
Goenkaleren denboraldi berria astelehenean abiatuko da, 22:00etan. Dagoeneko familia askorentzako etxekoak bezalakoxeak dira ETB-1eko telesaileko pertsonaiak, eta ez da harritzekoa, 19. denboraldia izango baita irailean abiatuko dena.
Goenkaleko hainbat aktorek eta arduradunetako batzuk bat egin dute gaur goizean, Viktoria Eugenia antzokian, denboraldi berriaren aurkezpena egiteko. Bertan aurreratu dutenez, aurten 13 pertsonaia berri inguru batuko dira telesailera, eta noski, istorio eta pasarte berri eta misteriotsuek ez dute hutsik egingo.
Joselu Blanco ETBko programazio zuzendariaren arabera, 40.000 lagun inguru izan ziren iaz telebista pantailaren aurrean,
Goenkale emititu zuten egun bakoitzean; eta hori, “sekulako lorpena” dela aipatu du. Gertatuko denaren inguruan, ez dute gehiegi aurreratu, baina Lukas (Mikel Martinez) eta Malen (Amaia Ruiz) ezkonduko direla baieztatu dute.
Hainbat aktore donostiar
Bat baino gehiago dira Goenkaleko aktore donostiarrak, Asier Hernandez (German), Mikel Martinez (Lukas) eta Asier Oruesagasti (Kevin), esaterako. Horiei, beste bi gehitu zaizkie aurten, Naiara Arnedo eta Isidoro Fernandez. IRUTXULOKO HITZAk Asier Hernandezekin hitz egiteko aukera izan du gaurko aurkezpenean, eta biharko egunkarian argitaratuko du aktoreari egindako elkarrizketa.