Adif eta udala bildu dira Atotxako geltokiari irtenbidea bilatzeko
AHTak Donostian izango duen geltoki definitu gabeak balditzatzen du lanak hastea
Udal Gobernuak jakinarazi duenez, atzo bildu ziren Espainiako trenbide sarea kudeatzen duen Adifekin, Atotxako autobus geltokiari irtenbideren bat bilatzeko. Adifek autobus geltokiaren lanak baimendu behar ditu, baina udalak esan duenez, AHTak Donostian izango duen sarbidea eta autobus geltokiaren arteko tartea definitu gabe duenez, orain arte ez dio baimenik eman udalari. Adifek aldaketak egin ditu, orain AHTaren sarrera hirugarren haritik egingo duelako.
Azken bilera honetan ordea, Adifek alternatiba gisa, autobus geltokia eraikitzeko proiektua eta tren geltokiaren hasierako Oinarrizko Dokumentua kontrastatzea proposatu du. Eta Udal Gobernuak jakinarazi duenez, Adifek bateragarritzat jo ezkero, baimena emango du.
Argi utzi nahi izan du baita ere, Adifek Donostiako Udalari 2011 geroztik hainbat dokumentu eskatu dizkiola eta beti eman izan dizkiola epe laburrean. Gaineratu du, bilera honetan izan dela lehen aldia Adifek exekuzio proiektua helarazteko eskatu diona.
“Atzerapenak izen bakarra du: Bildu”
Ernesto Gasco, udaleko PSE-EEko zinegotzi izateaz gain, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailburuorde izanagatik atzoko bileran ere izan zen. Gascoren ustetan, urte honetako atzerapenaren errudun bakarra Bildu da. Bere esanetan AHTren kokapenak ez du zerikusirik atzerapenarekin, eta gehitu du Adifek hasieratik eskatu ziola udalari obrekin lehenbailehen hasteko.
PSE-EEko bozeramailearen esanetan, Bilduk behin betiko proiektua bidaliko badu, lanak segituan hasi daitezke.