Arraldetarren istorio berriak
Goenkale telesailaren denboraldi berria astelehenean abiatuko da, aktore donostiarren presentzia handiarekin
Arraldeko pertsonaiak biziberrituta datoz, udarako atsedenaldiaren ostean. Izan ere, Goenkaleren denboraldi berria astelehenean abiatuko da, ETB-1 telebista katean, 22:00etan. Dagoeneko familia askorentzako etxekoak bezalakoxeak dira telesaileko pertsonaiak, eta ez da harritzekoa, 19. denboraldia baita hastear dagoena. Goenkaleko lan taldeko kide batzuk, Viktoria Eugenia Antzokian bildu ziren atzo, denboraldi berriaren aurkezpena egiteko, eta IRUTXULOKO HITZA bertan izan zen. Aurkezpenean aurreratu zutenez, aurten hamabi pertsonaia berri batuko dira telesailera; horien artean, Naiara Arnedo eta Isidoro Fernandez donostiarrrak. Eta noski, istorio eta pasarte berri eta misteriotsuek ez dute hutsik egingo.
Joselu Blanco ETBko programazio zuzendariaren arabera, batezbeste 40.000 lagun inguru izan ziren iaz telebista pantailaren aurrean, Goenkale emititu zuten egunetan; eta hori, «sekulako lorpena» da Blancoren ustez. Gainera, telesaila gero eta gazte gehiagok ikusten dutela azpimarratu zuen Blancok. «Aurten ere lehiakide handiak izango ditugu konpetentzian, baina ikusleen fideltasunean sinesten dugu», gehitu zuen. Ondoren, Olatz Beobide donostiarrak hartu zuen hitza, Goenkaleko zuzendariak. «Haur lapurtuen istorioak ere jarraipena izango du, baina fikzioak errealitatea hobetuko du, eta bukaera duina izango du», aipatu zuen Beobidek.
Gainontzean, denboraldi berrian gertatuko denaren inguruan, ez zuten gehiegi aurreratu, baina Lukas (Mikel Martinez) eta Malen (Amaia Ruiz) ezkonduko direla baieztatu zuten. Horretaz gain, Martxelo Rubio donostiarrak antzezten duen Kandido Madariaga pertsonaia, ertzain lanetara itzuliko da; eta horrek pertsonaiari kutsu berezia emango dio.
Loreto Mauleonen agurra
Dagoeneko aipatutakoez gain, oraindik ere gehiago dira aurten Goenkalen arituko diren aktore donostiarrak: Asier Hernandez (German), Mikel Martinez (Lukas), Asier Oruesagasti (Kevin), eta Tessa Andonegi (Alizia), besteak beste. Beste aktore batek agur esango dio telesailari, Loreto Mauleonek. Izan ere, azken urteetan Arraldeko Joana izan den Groseko aktoreak, Antena 3ko El secreto de Puente Viejo telesailean kontratua lortu du, Maria Castañedaren larruan. Goenkalen agurra emateko agertuko da.
Asier Hernandez; ‘Goenkale’ko aktorea: “Orain Germanentzat garrantzitsuena maitasuna eta bizitza pertsonala dira”
Goenkalen ez dira aktore donostiarrak falta, eta horietako bat da Asier Hernandez (Parte Zaharra, 1971). Ibilbide oparoko aktorea da, eta bere bosgarren denboraldia beteko du telesailean, German pertsonaiaren larruan. Bere pertsonaiaz eta bere lan berriaz hitz egin du IRUTXULOKO HITZArekin.
Dagoeneko badaramatzazu urte batzuk Goenkalen. Zer nolako esperientzia izaten ari da?
Hau nire bosgarren denboraldia izango da jarraian. Lehen bi urteak oso biziak izan ziren, pertsonaia berria zelako. Orduan sartu ginenek lan handia genuen, batez ere, Martxelo Rubiok, Tessak Andonegik eta nik. Gerora, batez ere lehenengo bi hilabete horiek igaro ostean, gero eta lasaiago ibili nintzen, eta erosoago. Pertsonaia eraikita dagoenez, gusturago nago. Gozatzen ari naiz.
Zure pertsonaiak, Germanek, aldaketa handiak izan ditu izaeran; lehenengo gaiztoa zen, gero zintzoa…
Gaiztoa baino gehigo, bizitzan oso galduta zegoen pertsonaia bat zela uste dut. Azkenean, bere buruaz beste egiten saiatu zen, eta bizirik atera ostean, bizitza beste modu batera ikusten du. Orain Germanentzat garrantzitsuena maitasuna eta bizitza pertsonala dira, lanaren aurretik; eta lehen alderantziz egiten zuen, lana jartzen baitzuen guztiaren aurretik. Familia eta bere bikote berria guztiaren aurretik jarrita ikusiko da zein kontu berri gertatuko zaizkion denboraldi honetan.
Germanen semea ezkonduko da, ezta?
Hori esaten dute, badirudi baietz, baina horren ondoren, beti bezela, ezustekoak egongo dira.
Kaletik galdetzen al dizute zer gertatuko den?
Ez, baina azken urteetan nabaritzen dut geroz eta jende gehiagok ikusten duela Goenkale, eta interes handiagoarekin. Askotan esan didate kuadrilla polita osatzen dugula eta lan ona egiten ari garela, eta hori eskertzekoa da; lana gogor eta gogoz egiten dugulako.
Goenkalez gain denbora izaten duzu beste lanen baterako?
Ba kasualitatez aurten bai. Azken urteetan, kontu batzuei, batez ere antzerkian, ezetz esan behar izan diet, Goenkalek denbora asko kentzen zidalako. Baina esan bezala, azken bi urteetan lasaiago nabilenez, antzerkian sartzeko aukera izan dut. Urriaren 18an Bilbon estreinatuko dugun Soinujolearen semea antzezlanean nabil, Tanttakarekin, Fernando Bernuesen zuzendaritzapean. Bernardo Atxagaren eleberrian oinarritua dago, eta oso pozik nago. Aktore asko gaude eta plazer bat eta zorte handia da bertan egotea. Lau urte neramazkien antzezlan batean serio lan egin gabe, eta banuen gogoa berriro birziklatzeko eta halako proiektu eder batean sartzeko. Pozik nago.