'Sinister' filmarekin hasiko da Beldurrezko Astea
Scott Derrickson zuzendariaren film berria proiektatuko dute urriaren 27an
Film “ilun, beldurgarri eta harrigarri” batekin hasiko da hurrengo Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Astea. Sinister proiektatuko dute jaialdiaren lehen egunean, urriaren 27an. Scott Derrickson zuzendariaren azken lana da. The Exorcism of Emily Rose eta The Day the Earth Stood Still lanak zuzendu ondoren, Sinister filmarekin itzuli da zinemagilea, eta ikusmin handia piztu du beldurrezko zinemazaleen artean.
Ethan Hawke eta Vincent D’Onofrio aktoreak dira protagonistak. Filmak arrakasta duen nobelagile baten istorioa kontatzen du. Egun batean, ustekabean, bere etxe berrian dagoela, zeluloide zati batzuk aurkituko ditu. Zinta horiek aztertuko ditu, eta haiei esker, toki berean bizi izan zen familia baten heriotzaren nondik norakoak argitu ahal izango dituela pentsatuko du. Alabaina, nobela berrirako proiektu modura hasi zena zerbait askoz beldurgarriago bihurtuko da, bere familia ere arriskuan jartzeraino.
Beste hainbat film luze leihatuko dira hurrengo ekitaldian Ikusleen Saria lortzeko. Hona hemen zerrenda:
The ABCs of Death (Estatu Batuak, 2012).
26 istoriotxoekin osatutako film honetan, fantasiazko generoko oraingo zuzendari onenetako batzuek hartu dute parte. Horietako bakoitzari alfabetoko letra bat eman zitzaion. Letra horrekin hasten zen hitz batetik abiatuta, beldurrezko istorio bat sortu behar zuen. Nacho Vigalondok (Extraterrestre, 2011), Ti West-ek (House of the Devil, 2009), Noboru Iguchi-k (Dead Sushi, 2012), Xavier Gens-ek (The Divide, 2011), Srdjan Spasojevic-ek (A Serbian Film, 2010), Jason Eisener-ek (Hobo With a Shotgun, 2011) eta Bruno Forzani-k (<Amer, 2009), besteak beste, parte hartzen dute inoiz egin den kapituluz osaturiko filmik jendetsuenean. 26. atala, gainera, Internet bidez egindako zozketa publiko batetik atera zen.
The Last Dark (Japonia, 2012). Naoyoshi Shiotanix
Urteko anime filmetako bat. Izen bereko telesail arrakastatsuan oinarrituta dago. Negua Tokion. Gazteen babeserako Legea indarrean jarri ondoren, adingabeek debekatuta dute kalean ibiltzea gaueko 9etatik aurrera, eta Interneten erabilera arautua dago. Hala ere, Sirrut izeneko talde batek borrokan segitzen du gazteenen askatasunaren alde. Beren peskizetan, Tower delakora iritsiko dira, erakunde misteriotsu bat ustez gizakiekin esperimentuak egiten dituena, elkar jan dezaten. Egia azaleratzeko prest, metroan sartzen den arrastoari jarraituko diote. Bertan, pizti nazkagarri bat agertuko da eta bidaiariak erasotzen hasi. Bitartean, kaosa sortuko da inguruan, neska batek amesgaiztoari irmo aurre egingo dio, ezpata eskuan duela eta izotza bezain hotzak diren begiekin…
Cockneys vs Zombies (Britainia Handia, 2012). Matthias Hoene
Andy eta Terry bi anaia cockney dira (Londreseko East End-tarrak, langile-klaseko auzoa, oso ingeles berezia duena). Ez dute zorte handiegirik bizitzan. Beraien aitona zahar-etxe bateko arduraduna da. Eta eraikina bota ez dezaten, banku bat lapurtzea erabakiko dute. Hori gertatzen ari den ordu berean, birus arraro bat auzotarrak zonbi bihurtzen ari da. Komedia dibertigarria, tradiziorik onenean, egungo generoko zinema britainiarraren barruan.
Dead Sushi (Japonia, 2012). Noboru Iguchi
Keiko, sushi-ko sukaldaria den bere aita abandonatu eta landa eremuko hotel batean hasiko da lanean. Bertan, botika konpainia baten konbentzioa egiten ari dira. Langile ohi batek mendeku hartu nahiko du, sushi zatiak….berpiztuz! Sashimi hegalaria, odol egarri diren California rolls-ak, txipiroi erotuak, hiltzeko makinak bihurturiko hegalabur pusketak. Noboru Iguchik (eta bere kide eta efektuen ardura duen Yoshihiro Nishimurak) sasoi betean jarraitzen dute, Robo-Geisha (2009), Tomie Unlimited (2011), Karate-Robo Zaborgar (2011) edo Zombie Ass. Toilet of the Dead (2011) ondoren, film ero, deskribaezin eta harrigarri honekin.
Deranged (Hego Korea, 2012). Park Jeong-woo
Botika saltzaile bat (Jae-hyuk) eta bere anaia (Jae-pil), jendeaz baino burtsaz arduratzen den detektibea, larrialdi nazionaleko kasu batean nahasiko dira: Korea osoan zehar gorpuak agertzen ari dira, ibai, urtegi eta kostaldean flotatzen. Beste pertsona asko zoratzen ari dira ageriko arrazoirik gabe, eta bere buruaz beste egiten dute uretan itota. Histeriak jotako gaixoak milaka direnean, Gobernuak salbuespen-egoera ezarriko du. Jae Pilek ikertzen duen bitartean, bere anaiak bere emazte eta seme-alabak gaixotasunak jota ikusiko ditu. Thriller bizkorra, hondamendi filmak, konspirazio-teoriak, botika-konpainien gaineko susmoa eta familia bat arriskuan nahasten dituena.
Grabbers (Erresuma Batua–Irlanda). Jon Wright.
Meteoro bat itsasoan erori eta zenbait arrantzale galtzen diren egunean, emakume polizia gazte bat bere lanpostu berrira helduko da: Erin irlara, Irlandako Mendebaldeko kostaldean. Zurrutero samarra den bere lankidearekin batera, horiek eta beste gertakariak ikertzen hasiko da lehen lasaia zen jazarritako komunitatean. Arrantzale batek pizti garrodun arraro bat harrapatzen duenean, guztiak konturatuko dira (gutxi gorabehera, gorputzean pilatu duten alkoholaren arabera) sekula ikusi ez duten zerbaiti aurre egin beharko diotela.
Insensibles (Espainia-Frantzia-Portugal, 2012). Juan Carlos Medina
Neurozirujau katalan batek hezur-muineko transplante bat behar du eta bere guraso biologikoak aurkitu behar ditu bizirik jarraitu nahi badu. Bere jatorriari buruzko erantzunak ezkutuan daude, isiltasun eta misterioz beteriko iraganean. Bilaketan, jakingo du 1936ko gerran, haur talde bat gaitz bitxi eta ezezagun batek jota jaio zela: min fisikoari sorgor ziren. Juan Carlos Medinaren opera prima, Luiso Berdejo donostiarrarekin batera idatzia. Protagonistak Alex Brendemühl, Juan Diego eta Ramon Fonsere da.