Biluztera behartu dituzte atxilotuta izan diren orduetan, Egiako Jai Batzordeak salatutakoaren arabera.
Porrontxo jaien amaiera ekitaldia eta gero, Ertzaintzak bi gazte atxilotu zituen. Polizia etxean gau osoa igaro eta gero, eguerdian epailearen aurretik pasa dira. Jai Batzordeak jakinarazi duenez, «atentatua» leporatuta auzipetu dituzte. Gazteak kalean dira.
Jai Batzordeak atxiloketa unean eta atxiloketa ondoren gertatutakoak salatu ditu prentsa ohar batean. Izan ere, Ertzaintza festazale talde bati oldartu zitzaion. “Jai Batzordeak jakin ahal izan duenez, komisaldegian arropak kentzera behartu dituzte indarrez, eta intimitatea gordetzeko bidezko bata ez diete eman nahi izan. Barruko arropa indarrez kendu diote bati eta bestea eskuburdinak jarrita izan dute zeldan, barruko arropa ez kentzeagatik”, azaldu dute.
Goizean, forentseak kolpe gehien jaso dituen gaztea aztertu du, atxilotzean jasotako jipoiaren ondorioz aurpegian eta gorputz atal zenbaitetan zituen markak eta zauriak aztertzeko. Gazteak, bere aldetik, salaketa jarri du Ertzaintzarengandik jasotako jipoiarengatik.
Jai Batzordeak gogor salatu du Ertzaintzaren jokabidea. “Bi gazteek gaua komisaldegian pasa behar izan dute inolako deliturik egin gabe eta umiliatuak izan dira, euren borondatearen kontra erabat biluztera behartu dituztelako. Horrekin nahikoa ez eta ‘atentatua’ leporatuta auzipetu dituzte”, adierazi du.
“Gertatutakoa onartezina, lekuz kanpokoa eta bidegabea dela deritzogu. Ertzaintzaren jarrera lekuz kanpokoa izan da eta euren arduradunei gertatutakoa azaltzeko eskatzen diegu. Horrez gainera, gazteei elkartasuna eta babesa agertu nahi diegu jasan duten erasoagatik eta euren aurka irekitako prozedura bertan behera uzteko eskatzen dugu, lekuko guztiek aho batez azaldu duten moduan, jarrera bortitza izan zutenak ertzainak eurak izan baitira”, erantsi du Jai Batzordeak.