Ertzaintzak bi gazte atxilotu ditu Egiako jaien bukaera ekitaldia eta gero
Porrontxo jaiek zapore gazi-gozoa utzi dute. Eta ez festa jarduerak arrakastaz ospatu ez direlako, Ertzaintzak bi lagun atxilotu zituelako baizik. Festen amaieraren ekimena eta gero gertatu zen, igandea eta astelehena arteko gauean, goizaldeko 2:00ak inguruan. Txomin Bornaetxea egiatarra gertaeraren lekuko izan zen eta, Irutxuloko Hitzari azaldutakoaren arabera, Ertzaintzak “indar handiz” egin zuen festazaleen kontra, “inongo arrazoirik gabe”.
“Amaiera ekitaldia auzoko taberna batean egin ohi dugu. Itxi zutenean, kalean ginen kantari, jai giroan. Ertzaintzaren auto bat agertu zen orduan, eta bi polizia korrika bizian irten ziren guregana. Mutil bat harrapatu eta paretaren kontra jarri zuten, indar handiz, ostikoka”, azaldu du. Handik gutxira Ertzaintzaren bost furgoneta agertu ziren, lekukoaren hitzetan. Beste gazte bat atxilotu zuten orduan. Biak eraman zituzten, eta gaur goizera arte egon dira polizia etxean. Kalean dira dagoeneko. «Atxilotu zituzten unean, azalpena eske joan zirenei gogor oldartu zitzaien Ertzaintza, borra erabilita. Esan ziguten gauza bakarra “esan behar ez zituztenak esateagatik” atxilotu zituztela izan zen», adierazi du Bornaetxeak.
Egiako Jai batzordeak batzarra egingo du gaur, 19:00etan, gertatutakoaren berri emateko eta gazteen egoera zein den azaltzeko. Arrano elkartean egingo dute bilkura, 19.00etan.