Maru Solores antiguatarraren 'Camera obscura' estreinatu dute
Giza Eskubideen Zinemaldian eman zuten lehen aldiz; orain Principe aretoan dago ikusgai, eta Zinemaldiko Zinemira sailean ere proiektatuko dute
Maru Solores antiguatarraren lehen film luzea da Camera obscura. Joan den Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztu zuen bere lan berria, eta orain zinema areto komertzialetara iritsi da. Principe zinema aretoan estreinatu zuten joan den ostiralean. Zinemaldian Zinemira saileko programan ikusi ahal izango da.
Ane da pelikulako protagonista, 13 urteko nerabe itsua. Bere familiaren gehiegizko babesa gainditu nahian askatasun bila dabilen gazte baten historia ekarri du zinemara. Aneren pertsonaia, Jacqueline Duartek bete du. ONCEren bidez casting bat egin ondoren hautatu zuten, eta protagonistak bezala, hark ere ikusmen urritasuna du. Josean Bengoetxea aktore egiatarrak ere parte hartu du film honetan.