Gizon bat atzeman dute Intxaurrondon, bikotekidea jotzea egotzita
Emakumeari eraso egin eta etxetik irtetea galarazi zion atxilotuak. Suhiltzaileen laguntzaz sartu dira ertzainak etxean
Ertzaintzak 32 urteko gizonezko bat atxilotu du bart Intxaurrondon, genero indarkeria delitu bat leporatuta. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak ezagutarazi duenez, ertzainak bizilagunek ohartarazita joan ziren etxebizitza batera, emakume baten oihuak entzuten zirela-eta. Poliziek ere entzun zituzten andrearen deiadarrak, baina atea irekitzeko eskatu zutenean, ez zuten erantzunik jaso. Suhiltzaileen laguntzaz sartu ziren etxera, eta barruan topatu zituzten erasotzailea eta erasotua.
Emakumeak ertzainei adierazi zienez, eztabaidan aritu ziren, eta gizona oldartu egin zitzaion. Gero, iletik tira egin eta andrearen gainean eseri zen gizona, etxetik atera ez zedin. Zauri ugari zituen emakumeak, eta Donostiako erietxe batean artatu behar izan zuten.