Paueko Apelazio Auzitegiak Iñaki Imaz donostiarra Espainiaratzea erabaki du
Donostiarrak helegitea jartzeko hiru eguneko epea du; auzia Parisera joango litzateke orduan
Paueko Apelazio Auzitegiak (Frantzia) Iñaki Imaz Munduate (Donostia, 33 urte) Espainiaratzea erabaki du, bertako Auzitegi Nazionalaren euroagindu eskaerari baiezkoa emanda. Paueko fiskala hilaren 11n Espainiaratzearen alde agertu zen. Imazek hiru egun ditu helegitea aurkezteko; kasu horretan auzia Parisera joango litzateke, Auzitegi Gorenera.
Imaz abuztuaren 6an atxilotu zuten, Hendaian, “terrorismoarekin” zerikusia duelakoan. Arratsaldean aske utzi zuten, baina kontrol judizialpean. “ETAren alde politikoan” egotea eta Zutabe agerkiaz arduratzea egozten dio Espainiako Barne Ministerioak.