Ezkerretik eskuinera: Jesus Maria Palacios, Paul Urkijo, Ander Mendia, Mikel Rueda eta Isabel Herguera. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Aurtengo katalogoko film laburrek Zinemira sailean hasiko dute ibilbidea, profesionalentzako emanaldi itxi batean
Kimuak katalogo berria prest dago munduko txoko guztietara bidaiatzeko. Guztira zazpi film labur hautatu dituzte. Maleta horretan bi donostiarren lanak bidaiatuko dira: Koldo Almandozen
Deus et Machina eta Isabel Hergueraren
Bajo la almohada. Honako beste bost lan hauek izango dituzte bidaide: Mikel Ruedaren
Agua!, Ander Mendiaren
Beerbug, Jesus Maria Palaciosen
Casa vacia, Paul Urkijoren
Los Monstruos no existen eta Martin Roseteren
Voice over. Zinemaldian bertan hasiko dute ibilbidea, profesionalentzako egingo duten emanaldi itxi batean. Eta Zinemalditik, munduko film laburren jaialdien zirkuitura.
Kimu berrien aurkezpena gaur egin dute, Donostian, Euskadiko Filmategian; eta bertan izan dira zenbait egile. Isabel Herguera, tartean. Katalogoaren bultzatzaileei esker ona adierazi die animazio egile donostiarrak; izan ere, bertan aurkeztutako lanekin lortutako sariei esker izan du
Bajo la almohada egiteko aukera: “Duela bi urteko katalogoan
Amar film laburra aurkeztu nuen. Iaz bi sari eskuratu zituen, eta diru hori lan berrian inbertitu dut”. Indian, Goako ospitale batean girotua dago Hergueraren lan berria: “Izibene Oñederra eta biok haur batzuekin margotzera gonbidatu gintuzten. Orduan izan nuen film labur berria egiteko ideia. Istorio bat kontatu dut haien marrazkien bitartez”.
Koldo Almandozek ezin izan du aurkezpen ekitaldira joan, oraindik Txinan baitago, Judas Arrietak Pekinen duen arte estudioan. Haren lana,
Deus et Machina, katalogoko euskarazko lan bakarra da. Apokalipsiaren inguruko hausnarketa poetikoa egin du zinemagileak.
Hamabost urteko bidea
Hamabost urte bete ditu Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiko Filmategiaren ekimenak. Murrizketen garai honetan film gutxiago hautatu behar izan ditu aurten: zazpi (Bederatzi filmeko katalogoa osatu zuten iaz). Eta katalogoaren tamaina bera ere txikitu behar izan dute gastuak murrizteko. Zailtasunak zailtasun, Kimuak programa bidaiatzeko irrikaz dago.
Txema Muñoz da katalogoaren arduraduna, eta aurkezpenean aurreko bi ekitaldien balantzea egin du. 2010eko hautaketa Kimuak programaren historian arrakastatsuenetakoa izan dela azaldu du. Ia 1.200 hautaketa izan ditu eta 229 sari eskuratu ditu. 2005eko ekitaldia izan da guztietan arrakasta gehien izan duena. Bilduma hartan jaso zituzten, besteak beste, Isabel Hergueraren
La gallina ciega, Jose Mari Goenagaren
Sintonia eta Borja Cobeagaren
Eramos pocos.
Lehia handiagoa da
2011ko katalogoak urtebete egin du jada, eta oraindik beste urtebeteko ibilbidea geratzen zaio. Ez ditu 2010eko zifrak lortu. “Horrek ez du esan nahi iazko katalogoa txarragoa denik. Beharbada film zailagoak dira. 2010ekoak oso ‘festibaleroak’ ziren”, azaldu du Muñozek. Gainera, film laburren formatuan lehia gero eta handiagoa dela azpimarratu du. Batetik, krisia dela-eta jaialdi asko desagertu egin direlako. Bestetik, film laburren formatua bera “modan” dagoelako, eta geroz eta jende gehiago ari delako formatu honetan filmatzen. Horrez gain, film luzeak egin ohi dituzten egileak ere film laburrak egiten hasi dira, dirurik ez dagoelako.