Ontzi Museoa 'Naufragioak euskal kostaldean' erakusketa prestatzen ari da
1878ko, 1912ko eta 1961eko enbatak izango dira erakusketaren ardatza. Horiek izan dira arrantzaleen komunitatean kalte larrienak eragin dituztenak. Aurten 100 urte betetzen dira enbata batek Bizkaiko kostaldeko arrantzaleen artean heriotza eta atsekabea ekarri zituenetik. 1912an ere “San Ignacio de Loyola” Pasaiako petrolio-ontzia hondoratu zen bere tripulazio guztiarekin.
1627an Bidartetik gertu zegoen hispaniar-portugaldar ontzidiaren hondoratzea ere azalduko dute erakusketan. Hondamendi hartan 2.000 pertsona inguru hil ziren.
Erakusketa margolanek, grabatuek, argazkiek, maketek eta objektu ugarik osatuko dute. Museoaren goiko solairuan izango da ikusgai erakusketa, urriaren 9a eta azaroaren 30a bitartean.