Goya saria irabazi duten filmeen eszena mitikoak ekarri dituzte gogora Kubo aretoan
“Ana dut izena. Hil egingo naute”. Alejandro Amenabarren Tesis (1996) filmeko eszena gogoangarrienetako bat da. Ana Torrent aktorea ikus-entzunezko ikasketak egiten ari den ikasle baten larruan sartu zen film hartan, eta hari dagozkio eszena honetako hitzak. Film onenaren Goya saria eskuratu zuen. Tentsioz betetako eszena horren eszenografia ikus daiteke Kubo aretoan gaur aurkeztu duten erakusketa berrian: 25+1. Goya Sariak. Espainiako zinemari egindako omenaldi gisa aurkeztu dute erakusketa. Bertan bildu dituzte film onenaren Goya saria eskuratu duten 26 film. Erakusketa aretoa bera 26 gunetan banatu dute; eta bakoitza film bati buruzkoa da. Espainiako zinemaren eszena gogoangarrienak ekarri dituzte gogora; haien eszenografiak birsortu baitituzte. Gainera, filmean erabilitako material ugariz osatu dituzte gune horiek: filmatze lanetan egindako argazkiak, arte zuzendaritzan egindako zirriborroak, gidoiak, storyboardak, antziak, atrezzo zatiak, ikus-entzunezko muntaketak, maketak, horma-irudiak… Celda 211 filmeko kartzela ere birsortu dute, baita Pedro Almodovarren Volver filmeko hilobi bat.Finean, zinezale amorratuenentzako paradisu bihurtu da Kubo aretoa. Fernando Fernan Gomezen El viaje a ninguna Parte (1987), Jose Luis Cuerdaren El bosque animado (1988), Pedro Almodovarren Mujeres al borde de un ataque de nervios (1989), Fernando Truebaren El sueño del mono loco (1990), Carlos Sauraren Ay Carmela (1991), Vicente Arandaren Amantes (1992), Fernando Truebaren Belle Epoque (1993), Luis Garcia Berlangaren Todos a la carcel (1994), Imanol Uriberen Dias Contados (1995), Agustin Diaz Yanesen Nadie hablara de nosotras cuando hayamos muerto (1996), Ricardo Francoren La buena estrella (1998), Fernando Truebaren La niña de tus ojos (1999), Pedro Almodovarren Todo sobre mi madre (2000), Achero Mañasen El bola (2001), Alejandro Amenabarren Los Otros (2002)… Eta berrienak, eta gainera, Zinemaldiko Sial Ofizialean izan direnak: Javier Fesserren Camino (2009), Agusti Villarongaren Pa Negre (2011) eta No habra paz para los malvados (2012).
Jose Coronado aktorearen bisita
Kazetarientzat prestatutako bisita gidatuan Jose Coronado aktoreak parte hartu du. Bera da No habra paz para los malvados filmeko protagonista, eta haren filmari eskainitako gunean azaldu da. Coronadok bihar jaialdiaren inaugurazio gala aurkeztuko du. Bihar zabalduko ditu ateak eta abenduaren 9a arte izango da zabalik. Zinemaldin, egunero izango da zabalik, 11:30etik 21:00etara.