Mugitu norabide onean
Europako Mugikortasun Jasangarriaren astean gaude. Mugikortasuna definitzea ez da ariketa zaila. Modu batera edo bestera mugitzea, batetik bestera ibiltzea, izan daiteke mugikortasuna. Jasangarria zer den adieraztea, berriz, pixka bat zailagoa da. Jasangarria, eramangarria, egokia… baina, zerk izan behar du jasangarria?
Hiriko auto pilek egiten duten zarata eta sortzen duten kutsadura neurtu daitezke jasangarriak diren jakiteko. Pazientzia handia behar da norabait garaiz iritsi nahi eta ezinez, trafiko handiko uneak jasangarriak izateko. Bizikletaz doazenentzat bide gorri egoki bat, bat-batean bukatzen ez den horietako bat izatea erosoagoa da, edo bizikleta eta oinezkoen mugikortasuna errezagoa da bakoitza bere bidetik dabilenean. Egun euritsuetan aterki artean talkaka ibiltzea, adibidez, jasangaitza bihurtzen da askotan.
Ez, jasangarriaren definizioa ez da hain argia, baina ez da hain zaila ere. Azken finean, hirian batetik bestera mugitzeko dauden bide guztiak errespetatzen ikastean datza. Hiria bizirik dago, eta mugikortasunak islatzen du bizitasun hori; oinez, bizikletaz, patinean, motoan, autoz, autobusez edo trenez mugitzea norbere aukera da. Kasuan kasu, mugitzeko modurik egokiena –batzutan ez erosoena– aukeratzea da jasangarria izatea.
Txaparrenen barrena
Mugitu norabide onean da aurtengo Mugikortasun Jasangarriaren Asteko leloa. Datorren igandera bitartean, hainbat jarduera antolatu dituzte. Donostiako auzoetan barrena oinez edo bizikletaz egitekoak gehienak. Intxaurrondoko Txaparrene pasealekua izan da aukeratu den tokietako bat. Ondotik pasatzen den trenaren presak eta paseoan dabiltzan lagunen soseguak topo egiten dute leku honetan. Izan ere, pauso arinean, nahiz lasai-lasai paseoan ibiltzeko aukera duenarentzat mugikortasuna beti izango da jasangarriagoa.
Autorik gabeko hiria
Mugikortasun jasangarriaren aitzakian, gaur Altza eta Martutene ezagutzeko aukera dago. Larunbatean, Matia kalea trafikorako itxiko da, eta igande eguerdian, txirrindulari martxa egingo dute Kusaal Jauregitik hasita. Egunero izan dadila mugikortasuna jasangarri.


