
Hamabost urterekin erakutsi zuen lehen aldiz bere lana, beste hainbat euskal sortzailerekin batera. Marrazkigintza du pasio eta txikitatik etengabe aritu da sortu eta sortu. Kartelgintza du gustuko, eta Toulouse Lautrec bezalako kartelgile handiak izan ditu eredu gisa. Nazioartean argitaratzen ziren arte aldizkaritan ikusten zuen haien lana, eta irrikaz hartzen zituen.
72 urte ditu artista donostiarrak eta ibilbide oparoa egin du arte munduan. Guztira 170 kartel argitaratu ditu.
Kartelgile gisa egindako lanaren aukeraketa bat San Jeronimo kaleko udalaren ekitaldi aretoan ikus daiteke. Hainbat zine jaialditarako egindako kartelak bildu dituzte bertan. Batzuk argitaratuak, beste batzuk, hainbat lehiaketara bidalitakoak. Hernandez Mendizabalen kartel batek jantzi zuen Donostiako Zinemaldiaren 40. ekitaldia, eta hura ikus daiteke erakusketan.