Ben Affleck aktore eta zuzendaria Donostian da
Argo filma aurkeztera etorri da Ben Affleck aktore eta zuzendari estatubatuarra. Eguerdian iritsi da Maria Kristina hotelera, 14:30ak aldera. Argazkilariak agurtu ditu, baina ez da bertan zain zituen jarraitzaileengana gerturatu. Bihar berak zuzendu duen filma aurkezteko prentsaurrekoa egingo du Kursaalen.
Zuzendari eta aktore gisa etorriko da Affleck. Zuzendari gisa egin duen hirufarren lana da hau; eta protagonistetako bat da. Benetako istorio batean oinarrituta dago: 1979ko Irango Iraultzan, iraultzaileek AEBen Teherango enbaxada eraso zuten, eta AEBko 52 herritar hartu zituzten preso. Horietako seik ihes egin zuten, eta Kanadako enbaxadorearen etxean babes hartu zuten. CIAk aberriratu egin behar zituen, Irango agintariek ezer jakin gabe; horretarako, arrisku handiko operazio sekretua antolatu beharrean zeuden. Toni Mendez agenteak presoak bizirik ateratzeko plan arriskutsu bat asmatu zuen; ideia sinestezina zen, film batean baino ezin zitekeen ondo atera. Filmean kontatzen diren gertakizunak ezkutuan egon dira.