Richard Gere urakana itzuli da
Bost urteren ondoren, Richard Gere urakana Zinemaldira itzuli da. 2007an Donostia Saria jasotzera etorri zen, eta liluratuta utzi zituen zale guztiak. Orain Arbitrage filma aurkeztera itzuli da. AEBetako izarra 23:00etarako Maria Kristina hotelera iristea espero zuten, baina berandu iritsi da. Gauerdian puntuan heldu da. Ehunka zale zituen zain, eta Gere aktoreak ez die huts egin. Autotik jaitsi eta zuzenean hotelera sartu beharrean zaleak agurtu ditu. Maria Kristina hotelaren inguruko hesien atzean zain ziren zale guztiak agurtu ditu. Irribarretsu agertu da kazetari eta zaleen aurrean. Gaur goizean bere filma aurkezteko prentsaurrekoan izango da, eta gauean, Zinemaldiaren inaugurazioaren galan.