Donostia Saria jasoko dute gaur John Travoltak eta Oliver Stonek
Benicio del Toro aktoreak emango die saria
Hollywoodeko izarren hautsa du Zinemaldiak. Gaurko protagonistak John Travolta, Oliver Stone eta Benicio del Toro izan dira. Savages (Basatiak) filma aurkezteko prentsaurrekoa egin dute arratsaldean. Kursaaleko prentsa aretoa lepo bete da, eta argazkiak egiteko saioa ere jendetsuenetakoa izan da. Ez da harritzekoa. Filma aurkezteaz gain, Travoltak eta Stonek Donostia Saria jasoko dute gaur gauean. Oliver Stone zuzendariak Zinemaldiaren 60. urtemugaren Donostia Saria berezia jasoko du. Francis Ford Coppolak ere sari bera eskuratu zuen jaialdiaren 50. urtemugan. Kursaalen gaur gauean egingo duten gala berezian jasoko dute saria, eta Benicio del Torok emango die garaikurra.
Stonek esker ona agertu du Donostia Sariarengatik. Donostian 1987. urtean izan zenekoa ekarri du gogora; orduan Salvador filma aurkeztu zuen Belodromoan. Savages filma izan du hizpide zuzendariak. Bi marihuana kultibatzaileren eta narkotrafikatzaile-kartel errukigabe baten arteko liskarra da filmaren ardatza. Marihuanaren legalizazioaren alde agertu da. Jainkoaren “oparia” dela uste du Stonek: “Stresa kentzeko balio du; minbizia duten gaixoentzako ona da, mina arintzen du… Marihuanak ez luke gerra eta indarkeria ekarri behar”. Travolta ere pozik zegoen, saria jasoko duelako: “zoragarria da”.

