'Barrura begiratzeko leihoak' filmaren beste emanaldi bat egingo dute bihar
Aquariumean eskainiko dute bost euskal presori buruzko dokumentala, 10:30ean
Zinez ekoiztetxeak jakinarazi du Barrura begiratzeko leihoak filmaren pase bat egingo duela bihar, euskal gizarteko pertsona ezagun batzuekin, “gizartea bera klandestinitatera kondenatu ez dezaten”. Hemeretzi lagun gonbidatu ditu, eta bertara joaten diren gainontzekoek sarrera irekia izango dute, aretoa betetzen den arte.
Bost euskal presori buruzko dokumentala ikertzeko asmoz Espainiako Auzitegi Nazionalak lanaren kopia bat eskatu ondoren, ekoiztetxeak lehengo astean utzi zuen ale bat auzitegian: “Guztiz egoera tristea eta umiliagarria izan zen guretzako”, esan du Zinez-ek.
Biharko emanaldia 10:30ean hasiko da, Aquariumean. Irailaren 10ean egin zituen ekoiztetxeak filmaren lehen emanaldi pribatuak, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Bihar gonbidatu dituzten pertsonen artean daude Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria, Ramon Etxezarreta PSE-EE-ko kidea eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza sailburuorde ohia, Andoni Egaña bertsolaria, Ramon Saizarbitoria idazlea, Iñaki Egaña historialaria eta Angel Amigo ekoizlea.