Beste Zinemaldia, Kortxoenean
Ez du Hollywoodeko izarren hautsik, ezta alfonbra gorririk ere. Hau da Donostiako ‘beste Zinemaldia’, Kortxoeneako kideek egiten dutena. Asko dira jaialdi alternatibo honetan parte hartu duten zinemagile eta aktoreak: Klara Badiola, Martxelo Rubio, Juanba Berasategi zinema zuzendaria, Fermin Muguruza musikari eta zinemagilea…
Aurten ere egitarau oparoa prestatu dute Kortxoenean. Gaur bertan hasiko dira programarekin. Sua filma emango dute gaztetxean, eta ondoren, lanaren egileekin solasaldia egingo dute. Bihar, asteartea, Ziztadak dokumentala eskainiko dute. Joan den Giza Eskubideen Zinemaldian eman zuten filmeetako bat da. Sabino Ormazabalek parte hartuko du filmaren ondorengo solasaldian.
Asteazkenean, murrizketen aurkako greba dela eta, ez dute emanaldiri egingo Kortxoenean. Ostegunean jarraituko dute gaztetxearen zinema jaialdi alternatiboarekin. Segoviako ihesa izango dute hizpide. Imanol uriberen filmaren proiekzioaren ondoren Eneko Olasagasti izango dute gonbidatu gisa solasaldian. Gainera, ihesaldi hartan parte hartu zuen frankismoko preso ohi bat ere izango da.
Ostiralean Donostiako Piraten dokumentala aurkeztuko dute. Baita Madrilgo jai herrikoi batzuen inguruko ikus-entzunezko bat ere; Kofradia Naval de Vallekaseko jaiei buruzkoa. Larunbatean film laburren lehiaketa egingo dute. Rally bat izango da. Goizean grabatu eta arratsaldean ikusiko dituzte Kortxoenean. Hogei segundoko film laburrak izango dira. Emanaldi guztiak 19:00etan hasiko dira, eta film guztien aurretik film labur bat emango dute.