Fernando Trueba: "Gidoia idatzi baino lehen banekien filma zuri-beltzekoa izango zela"
Fernando Trueba zuzendariak El artista y la modelo filma aurkeztu du Sail Ofizialean
El artista y la modelo filma aurkeztu du gaur Fernando Truebak (Belle Epoque, El Baile de La Victoria) Sail Ofizialean. Zuri-beltzean eta frantsesez filmatutako lana da. Zuzendariak aitortu du proiektua hasiera-hasieratik zuri beltzekoa izan zela. Gidoia idazten hasi aurretik ere bai.
Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko den filmean Jean Rochefort, Aida Folch, Claudia Cardinale, Gotz Otto, Chus Lampreave, Christian Sinniger, Martin Famet eta Mateo Deluz aktoreek parte hartu dute. Aida Folch aktorea da modeloaren larruan sartu den aktorea. Nerabe zenean ere Truebaren zuzendaritzapean egin zuen lan, El embrujo de Shangai filmean.
Frantzian, Bigarren Mundu Gerran girotuta dago El artista y la modelo filmeko historia. Eskultore zahar bat (Jean Rochefort) bizitzaren azken urteak bizitzen ari da. Jada eskulturak egiteari utzi dio. Ustekabean Merce (Aida Folch) ezagutuko du; frankismotik ihes egin duen emakumea. Mercek bizitzeko poza itzuliko dio, eta bere azken obra egiten hasiko da. Merce bere modeloa izango da.