Hondarrarekin, alez alez egindako margolanak
Hondar tindatuaren teknika lantzen du Maribel G. Matranek. Bere kuadroetan ikus daitekeenez, orain artista hutsa bada ere, 57 urterekin, kasualitatez sartu zen teknika hau bere bizitzan. Ikastaroetan hondar tindatuen teknika ikasi zuen, baina marrazkiez haratago, teknika hori erabilita gauza asko egin zitezkeela ohartu zen. 2006. urtean bere koinatari Gauguin-en lan inpresionista baten erreplika egin zion. Handik aurrera, piskanaka-piskanaka kolore nahasketa berriak eginez, bere kasa probatzen eta ikasten joan da. 2008. urtean egin zuen bere lehen erakusketa Frantzian, eta ordutik, gelditu gabe dabil batetik bestera.
Orain Loiolako kultur etxean dauka erakusketa. Irailaren 28a bitartean egongo dira bere lanak ikusgai. Madrilen bizi den arren, lotura estua du Maribel G. Matranek Donostiarekin, bere senarra Loiolako baita, eta maiz etortzen dira bisitan. Gustora dago, hemengo lagunei bere lana gertutik erakusteko aukera izan duelako.
Erakusketa honetan munduko txoko ezberdinak erakusten dituen hogeita zazpi margolan bildu ditu.