Salvador Vidalen esanetara
Bikoiztaile valentziarrak Richard Gere, John Travolta eta Dustin Hoffman aktoreei jarri die gaztelerazko ahotsa zenbait pelikulatan; Zinemaldiak gonbidatutako aurpegi ezagunetako hiruri, hain justu.
Bertatik bertara ikusteko parada eskaintzeaz gain, aktoreak entzuteko aukera ematen ari da ere Zinemaldia, euren benetako ahotsekin. Hain zuzen ere, izarren aurpegiak aski ezagunak dira zinemazaleen artean; ahotsak, ordea, ezezagunak dira gehienentzat, filmeak bikoiztuta proiektatu ohi dituztelako zinema areto komertzialetan.
Aurtengo jaialdiko arduradunek, 60. urtemugaren etorrerarekin, punta puntako hainbat aktore ekartzea erabaki dute; Richard Gere, John Travolta eta Dustin Hoffman, besteren artean. Bada, hiru hauek gauza bat dute komunean; pertsona berak jarri diela ahotsa pelikuletan. Hain justu, Salvador Vidal gaztelerazko bikoiztailearen menpe egon dira fikzioan; bere esanetara, alegia.
Vidalek 63 urte bete zituen joan den irailaren 9an, Zinemaldiaren atarian. Valentziarra da jaiotzez, baina Bartzelonan bizi da. Antzerkian ibili zen bere ibilbidearen hasieran, aktore gisa, baina oso gaztetan hasi zen dagoeneko bikoizketa lanak egiten; 19 urterekin, Summer of ‘42 pelikularen kontalaria izan zen.
Handik urte batzuetara, 1976. urtean, bere lan garrantzitsuenetako bat egin zuen, arrakasta handiarekin gainera. Dustin Hoffmani jarri zion ahotsa, Marathon Man pelikulan. Zinemaldiaren itxiera ekitaldian Donostia Saria jasoko duen aktorea bigarren aldiz bikoiztu zuen 1998. urtean, Wag the Dog filmean.
Travolta, hamasei aldiz
Richard Gerek aurtengo jaialdiari irekiera eman zion joan den ostiralean, Susan Sarandonekin batera. Pretty woman pelikulak ospea eman zion Gereri. Film horretan ez, baina beste hainbatetan jarri dio ahotsa Vidalek.
Izan ere, hamabi aldiz bikoiztu du valentziarrak Philadelphiako aktorea: American gigolo (1978), The honorary consul (1983), King David (1985), No Mercy (1986), Internal Affairs (1990), Intersection (1994), Primal Fear (1996), Chacal (1998), Red Corner (1998), Autumn in New York (2000), Dr. T. & the Women (2001) eta The Mothman (2002).
Gere hamabi aldiz bikoiztu du… eta John Travolta hamasei, bere film ezagunenak barne. Igandean jaso zuen Englewoodeko aktoreak Donostia Saria; garaikurraren zati txiki bat zor dio Vidali, gazteleraz txukun bikoiztu baitu pelikula horietan guztietan.
Travolta gehien bikoiztu duen aktorea da Vidalentzat. Pelikulen zerrenda luzea da: Saturday Night Fever (1977), Grease (1978), Moment by Moment (1979), Urban cowboy (1980), Blow Out (1981), Staying alive (1983), Pulp Fiction (1995), White Man’s Burden (1995), Get Shorty (1995), Michael (1997), She’s So Lovely (1998), A Civil Action (1999), The General’s Daughter (1999), Battlefield Earth: A Saga of the Year 3000 (2000), Lucky Numbers (2001) eta Domestic Disturbance (2002).
Salvador Vidalen ibilbidea ez da aktore horiekin amaitzen. Aurpegi ezagun gehiagori jarri die ahotsa; Michael Douglas (15 aldiz), Mel Gibson (13), Ed Harris (12), Liam Neeson (9), William Hurt (9), Harrison Ford (7), George Clooney (6), Alec Baldwin (6), Don Johnson (6), John Malkovich (4), Kurt Russell (4), Willem Dafoe (5), Andy Garcia (3) eta Jeremy Irons (2). Bikoizketa lanak egin dituen pelikulak ez dira nolanahikoak; Indiana Jones and the Temple of Doom (1984), Schindler’s List (1993), From Dusk Till Dawn (1995), The Rock (1996) eta Star Wars (1999), besteak beste.
«Aktorearen begiek bikoiztailearen ahotsarekin hitz egin behar dute»
Pertsona ezaguna da Salvador Vidal zinema munduan, bere irudiagatik baino, bere ahotsagatik izan arren. Bikoizketa arloan onenetakoa dela diote adituek, onena ez esateagatik. Egin ohi dizkioten elkarrizketetan oso garbi du bere lana: «Aktorea izateaz gain, imitatzaile on bat izan behar dugu. Aktorearen begiek bikoiztailearen ahotsarekin hitz egin behar dute». Bikoiztailea pertsonaia baten zerbitzura dagoen ahots bat dela nabarmendu ohi du, bere lankide askoren iritziaren kontra.
Gaur egungo aktoreen artean zein duen gogokoen galdetuta, izen bat baino gehiago ditu gogoan: «Kevin Spacey, Tim Roth, John Cusack… eta nire aktoreei dagokienez, bere grinagatik Mel Gibson eta naturaltasunarengatik Michael Douglas, Liam Neeson, John Malkovic eta, noski, Ed Harris. Izugarria da».