Haritz Etxebeste: "Gustura geratu naiz, baina igoera ez lortzea porrota izan zitekeen denentzako"
Haritz Etxebeste; Orioko arraunlaria
Iaz TKE Ligatik jaitsi ostean, datorren denboraldian berriro ere goi mailan lehiatzeko txartela lortu du Oriok; zortzigarren denboraldia bete du taldean Haritz Etxebestek, eta pozik dago.
Etxetik datorkio kirol zaletasuna Haritz Etxebesteri (Igeldo, 1983), eta ez da familiako arraunlari bakarra. Bi lehengusu ere arraunlariak ditu, Xabier Etxebeste Kaikun, eta Egoitz Etxebeste San Pedron. Orion denboraldi ederra osatu du, eta gustura dabil. Hala ere, beti goian egon beharraren estutasuna nabaritzen dutela aitortu du. Berarekin izan da IRUTXULOKO HITZA.
Nola bizi izan duzu aurtengo denboraldia?
Emaitza aldetik argi dago bandera guztiak irabazi ditugula, KAE Liga sortu zutenetik inork lortu ez zuena. Horrek esan nahi du, ez dela erraza izaten, dena ongi atera behar zaizu, kaleetan ere aldeak egoten dira, egun guztiak ez dira berdinak izaten…. beraz, alde horretatik oso ongi ibili gara. Baina Orioren historiari begiratuta, beti goian ibili da, harrobia ere landu du eta indar handiko kluba da. Aurtengo helburua berriro igotzea zela zioten zuzendaritzakoek eta entrenatzaileek. Arraunlariek beti umiltasunez joan behar dugu, baina lehiatzera goazenez, lortu behar genuela pentsatu behar genuen. Gainera, Orio herri txikia izanik, herriak arrauna asko bizi du, eta nahitaez igo behar genuen. Gustura geratu naiz, baina igoera ez lortzea porrota izan zitekeen denentzako. Bi goxoki izan daitezkeenak izan ditugu goiko traineruekin lehiatzeko. Gipuzkoako Txapelketa eta Kontxako sailkatze estropada, eta ez gara fin ibili. Denboraldi guztia begiratuta, Ligan ongi ibili gara, baina bestela ez.
Oso gogorra izan da faboritoaren zama eramatea Liga guztian?
Azkenean, Orion beti duzu pisu hori. Prentsak eta herriko jendeak sartzen dizute sentipen hori. Estropada irabazita ere, bigarrenari 10 segundo ateratzea gutxi zela zirudien.
Ligako bandera guztiak irabazi dituzue, baina mailaz igotzeko alde nahikoarekin ari zineten?
Bigarren mailako sistema nahiko zentzugabea da. Bandera guztiak irabazi genituen, eta lehenengoak geratuta ere, play offa jokatu behar genuen. Nire iritziz, KAE Ligako lehenak zuzenean igo beharko luke TKEra. Kontua da, Galiziako Liga ere hor dagoela. Azkenean play offeko bi estropadetan ezin genuen hutsik egin, eta lan ona egin genuen.
Maila igoera bi estropadetan jokatu zenuten. Beldurtuta joan zineten?
Guztira, 17 arraunlari ginen, patroia eta entrenatzailea. Tentsioa eta estutasuna bakoitzak berea darama, bakoitzak ematen dion garrantziaren arabera. Kontxako sailkatze estropadarena ere, batzuk ongi daramate, beste batzuk ez dute lo egiten… Nire kasua desberdina da, ez naizelako herrikoa, ni Donostiakoa naiz, eta tentsioaren kontuan zerikusi handia du ingurukoek ematen dioten garrantziak. Nik nahiko ongi daramat normalean. Garrantzia eman behar zaio lehiari, baina zure maila emateko onena garrantzia kentzea da. Edozein hutsengatik gal dezakezu urte guztiko lana, arraun bat puskatu ezkero esaterako.
Edonola, helburua lortu zenuten eta datorren denboraldian TKEn izango zarete, ospakizun handia izan al zen Orion?
Bai, ospakizuna handia izan zen eta gero denak elkarrekin bazkaltzera joan ginen. Irabazitako bandera bakoitzeko ongietorria izan genuen herrian. Zaletasuna sekulakoa da, herri guztia betetzen da, dena horiz…
Esan duzun bezala, ez zineten Kontxako Banderarako sailkatu. Nola bizitzen da Kontxa kanpotik arraunlaria izanda?
Duela hiru urte jokatu nuen Kontxako sailkatze estropada lehen aldiz. Ordukoa izan zen urduritasun gehienarekin eraman dudan estropada. Azkenean, historia begiratzen duzu, jendeak asko hitz egiten du, egunkariek informazio guztia dakarte… hogei urte ziren Orio jarraian Kontxako Banderarako sailkatu zela. Azkenean sartu ginen eta ondo, baina iaz ez ginen sartu, eta aurten ere ez; aurten iaz baino indar gehiago genuen arren. Urte guztia generaman egunero-egunero entrenatzen, pisua mantentzen… eta azkenean gogorra egiten da kanpoan geratzea, urte guztiko lana izan baita. Nik behintzat inbiria ona sentitzen nuen, ez txarra. Gainera, lagunak eta lehengusua ditut Kontxa jokatu zutenak. Barruan egon nahi nuen, baina ongi eraman izan dut.
2005ean hasi zinen arraunean Orion. Zergatik aukeratu zenuen arrauna, eta zergatik Orio?
Familiakoek gaztetatik sartu digute kirola odolean, aitak, osabak… oso lehiakorrak izan gara beti. Arraunean hasi nintzen, lehengusuagatik, ez beregatik bakarrik baina… 21 urte nituen, hiru urte ziren futbola utzi nuenetik lehiatzeari utzi niola. Kirola gogorra dela esaten dugu askotan, baina niretzako ezer egin gabe egotea gogorra da. Arraunerako trebetasuna behar da, baina fisikoki ongi bazaude, 20 urtetik aurrera ere ikas daitekeen kirol bat da. Polita iruditzen zitzaidan, eta Igeldon bizita Orio gertu ikusten nuenez, probatzea erabaki nuen. Aitzakia bat zen egunero zerbait egiteko; bestela zaila da zure kontura egunero korrika egitera joatea. Lehenengo bi urteetan asko sufritu nuen, eta orain gozatzen ari naiz.
Iazko denboraldia izan zen gogorrena?
Nire ustez oso zorte txarra izan genuen, eta gauza asko gaizki egin ziren goitikan eta betikan. Jaistea kolpea izan zen, baina buruan ideia bagenuen ez zela urte ona izango.
Datorren urtekoari begira jarri zara?
Azkenean arraunlariak aurrera egiteko gaude. Pozik nago goiko Ligan egongo garelako, baina ez dakit ezer ere datorrenari buruz. Ez dakit barruan egongo naizen edo ez… berdinek jarraituko dugula esan digute, baina aldaketak izaten dira.
Zer moduz ikusten duzu arraun donostiarra?
Kanpotik ikusita, Kontxan nahiko itxura polita eman zuten. Bigarren igandean Kaikuk sekulako denbora egin zuen, eta Donostiarrak 20 minututik jaistea lortu zuen. Ligan gure trainerua ongi ibili da, eta Donostiarrari 30 segundo inguru ateratzen genizkien, beraz, ongi zebiltzan. Arraunean garrantzitsua da taldea bateratua egotea, eta askotan denbora daramazu norbait prestatzen, eta gero eraman egiten dizute. Orokorrean maila handia dago, eta ez da erraza goian ibiltzea. Askotan badirudi Donostian beti gaizki dabiltzala, baina kanpotik hitz egitea oso erraza da. Gipuzkoako taldeek eta Bizkaiko askok desabantaila dute. Harrobia lantzen dute klub txikiek, baina gero Kaiku edo Urdaibai bezalako talde handiek dirua dutenez, eraman egiten dituzte. Gauza horiek ez dira ikusten.