Anoeta estadioa birmoldatzeko egitasmoa Jaurlaritzaren esku geratuko da orain, udalbatzak onartu eta gero
Udalbatzak Hiriko Plan Orokorrean aldaketak onartu ditu aho batez, Amara inguruari dagokionean, Anoeta estadioaren birmoldaketa egin dadin. Hala, realzaleek hainbatetan eskatutako atletismo pistak kendu ahal izatea bideratu dute. Orain, Gasteizera bidaliko dute proposamena, Eusko Jaurlaritzara, eta hiru hilabeteren ostean onarpena jasotzea espero dute. Ondoren, eraikuntza proiektua eratzeko garaia iritsiko da.
Udal talde guztiek bat egin dute Hiriko Plan Orokorraren aldaketan, baina udal gobernuak kritika ugari jaso ditu oposizioaren aldetik. EAJko bozeramaile Eneko Goiaren hitzetan, “urte eta erdi egitasmoa aztertzen egon omen dira, askorekin hitz egiten… mundu guztiarekin hitz egin dute, udal taldeekin izan ezik; harrigarria”. Kritika bera egin du PPko ordezkari Ramon Gomezek: “Egitasmoa prentsaren aurrean aurkeztu zutenetik, izapideek iraun duten hilabetean, ez dute udal taldeekin hitz egin, eta gogoratzen diet ez dutela gehiengorik”. PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascok, era berean, udal gobernuaren “iluntasuna” salatu du. “Ez da elkarrizketa existitzen”, adierazi du.