(Argazkia: Nagore Koch)
Aktore italiarrak eta Bahman Ghobadi zuzendari iraniarrak
Fasle kargadan (Rhino Season) filma ekarri dute Sail Ofizialera
Egun bateko atzerapenaz, baina azkenean gaur eguerdian egin dute Bahman Ghobadi zuzendariaren
Fasle kargadan (Rhino Season) filmaren prentsaurrekoa. Izan ere, zinemagile iraniarrak zenbait arazo izan ditu bere lan berria Donostiako Zinemaldian aurkezteko. Batetik, filmaren kopia. Zinemaldiak asteartean jaso zuen kopia, baina irudi eta soinu arazoak zituela-eta, prentsarako bigarren emanaldi bat egin behar izan zuten atzo arratsaldean. Ustez kaltetuta zegoen kopia ere proiektatu zuten, programan aurreikusita zegoen bezala; baina beste kopia ona ikusteko aukera eman zitzaien kazetariei bigarren pasean. Horregatik, prentsaurrekoa gaurko utzi behar izan zuten. Bestetik, filmeko lantaldearen argazki saioa. Atzo arratsaldean ziren geratuta argazkilariekin. Baina hura ere bertan behera utzi behar izan zuten. Izan ere, greba eguna zen, eta manifestazio jendetsua zela-eta filmeko zuzendaria eta aktoreak ezin izan ziren garaiz iritsi hitzordura.
Kopiarekin izandako arazoen inguruan galdetu dio, hain zuzen, kazetari batek Ghobadiri. Zuzendariak kopia horrek ez zuela kalitatezko ahotsa ematen azaldu du : “Goizeko bostak arte egon ginen kopia berrikusten. Nire ustez ez zen kopia on bat. Ez zuen filmaren mezua islatzen, ez nuen nik filma ulertzen dudan modua irudikatzen. Nire ustez film hau poesia da, eta kopia horrek ez zuen hori erakusten”. Izan ere, esanahi berezia dauka Ghobadirentzat. 1979ko Iraultza Islamikoaren errepresioaren ondorioz Irango kartzela batean 30 urte preso pasatu dituen Sahel izeneko poeta kurdu baten istorioa kontatu du; nola atxilotu zuten, nola torturatu, nola eman zuten hiltzat. Aske geratzerakoan Istanbulera Mina emazte zuenaren bila joko du. Ghobadi bera ere, arrazoi politikoengatik Irandik erbesteratu behar izan baitzuen orain lau urte.
(Argazkia: Nagore Koch)
Monica Bellucci aktore italiarra ere izan da prentsaurrekoan.
Fasle kargadan filmeko protagonistetako bat da; Minaren larruan sartu da. Ghobadiren lanari eta bere filmei errespetu handia diela adierazi du. Bere pertsonaia oso interesgarria dela esan du. Bere laren bitartez hainbat kultura ezagutu dituela, eta hain zuzen horregatik egiten duela aktore lana azaldu du Belluccik. Hasiera batean pertsonaiak berarekin antzekotasunik ez duela badirudi ere, Mina oso ondo ulertzen duela esan du: “Ni italiarra naiz, eta gu ere matxismoaren aurka borrokatzen ari gara, kultura mediterraniarra ere oso matxista delako. Gure amek eta amonek matxismoaren ondorioz sufritutakoa jaso dugu oinordetzan”.
Bellucciri bere edertasuna zenbait kasutan lan egiteko oztopo bihurtu den galdetu diote. Aktoreak ezetz esan du. Jada hogei urte eman dituela zineman lanean, eta berrogeita hamar filmetan parte hartu duela: “Film hauek edertasunaren kutxatik atera eta aske sentitzeko aukera ematen didate”, adierazi du.