Tommy Lee Jones hemen da
AEBetako aktoreak Donostia Saria jasoko du bihar gauean, Kursaalen
Gaur eguerdian iritsi da Donostiara Tommy Lee Jones aktorea. Donostia Saria eskuratuko du bihar, Kursaalen. Bihar arratsaldean egongo da kazetariekin. Zinemaldiko Zabaltegi Perlak sailean bere lanik berriena ikus daiteke: Hope Springs. Lee Jones protagonista da Meryl Streep aktore ezagunarekin batera.
Jonesek ibilbide luzea egin du zineman, eta hainbat sari eskuratu ditu. Bigarren aktore onenaren Oscar saria irabazi zuen The Fugitive (Iheslaria, 1994) arrakastatsuko Sam Gerard Marshall zorrotzaren rolagatik. Hiru urte lehenago izendatu zuten lehenengoz Oscar sarietarako, Oliver Stone zuzendariaren JFK filmeko Clay Shaw pertsonaiarengatik. 2007an, In the Valley of Elah (Elahko haranean) film txalotuan egin zuen lanari esker, Oscar sarietarako izendatu zuten berriro, eta, urte horretan bertan, Oscar saria irabazi zuen Joel eta Ethan Coen anaien No Country for Old Men filmeko protagonista izan zen.