Donostia Saria, beltzezko gizonarentzat
Tommy Lee Jones aktoreak gaur gauean jasoko du jaialdiaren sari nagusia
Aktore lana maite du, eta aktore izatea da gehien gustatzen zaiona. Zein generoko filmak egiten dituen ez zaio inporta. Film onak egin nahi ditu. Horiek izan dira Tommy Lee Jones aktorearen lehen adierazpenak gaur arratsaldean egin duen prentsaurrekoan. Gaur gauean Donostia Saria jasoko du Kursaalen.
Donostiako Zinemaldia ez zuela ezagutzen aitortu du. Soilik prentsaren bidez irakurritakoaz izan zu jaialdiaren berri. Orain arte bizitakoaz asko gozatu duela esan du, eta hiri ederra iruditzen zaiola.
Berriz ere zuzendari lanetan murgilduko dela esan du Zinemaldian. The Homesman izeneko proiektuan ari da lanean. Zabaltegi Perlak sailean Hope Springs filma ikus daiteke. Komedia honetako protagonista da Meryl Streep aktorearekin batera.
Lee Jones 1946an jaio zen Texasko San Saba hirian. Ez du inoiz antzerki eskolarik jaso, baina Harvard unibertsitatean Ingeles Filologia amaitu ondoren, New Yorkera joan zen antzerkia egitera. Zineman egin zuen lehen lana Love Story (1970) izan zen; eta hor hasi zen oraingoz lau hamarkada iraun dituen bere karrera bikaina.
Bigarren aktore onenaren Oscar saria irabazi zuen The Fugitive (Iheslaria, 1994) arrakastatsuko Sam Gerard Marshall zorrotzaren rolagatik. Hiru urte lehenago izendatu zuten lehenengoz Oscar sarietarako, Oliver Stone zuzendariaren JFK filmeko Clay Shaw pertsonaiarengatik. 2007an, In the Valley of Elah (Elahko haranean) film txalotuan egin zuen lanari esker, Oscar sarietarako izendatu zuten berriro, eta, urte horretan bertan, Oscar saria irabazi zuen Joel eta Ethan Coen anaien No Country for Old Men filmeko protagonista izan zen.
Duela gutxi, K agentearen rola egin du berriz Men in Black 3 filmean, eta abenduan estreinatuko den Steven Spielbergen Lincoln filmeko protagonistetako bat da.