Larraitz Lucas omenduko du Realak
Talde txuri-urdinean emandako zortzi urteetako lana eskertuko dio klubak, etzi Zubietan
Larraitz Lucas, Realeko kapitain ohia, omenduko dute Zubietan etzi. Emakumeen talde txuri-urdinak Superligako partida jokatuko du Atletico Madrilen aurka, 12:00etan; hala, norgehiagoka hasi aurretik, Lucasi omenaldia egingo diote, Realeko jokalari bezala osatutako ibilbideagatik. Bide batez, Realak Larraitz Lucasi eskerrak eman nahi dizkio klubeko emakumeen futbolari zortzi urtez egindako ekarpenagatik, baita bere leialtasunagatik ere. Egiako jokalariak joan den ekainean utzi zuen futbola, eta Anoetan jokatutako Euskal Herria-Eslovakia lagunartekoa izan zen bere azken partida. Hala, hamasei urteko futbol ibilaldiari amaiera eman zion.
Realaren webgunerako osatutako elkarrizketa batean, taldean zegoeneko giroa faltan botatzen duela aitortu du Lucasek, ez, ordea, futbola. «Korrika egitera joaten naiz, baina futbola, baloi batekin aritzea eta egunero Zubietara joatea… egia esan, ez daukat inolako arazorik esateko ez dudala horren falta nabaritzen». Egiakoaz gain, jokalari gehiago ere falta dira iazko taldetik, baina Lucasek taldea ongi ikusten duela dio; «Jokalarien grinak berdin jarraitzen du. Agian liga hasieran ez dute onena eman, baina konfiantza behar dute. Aurrerantzean talde polit honekin emaitza onak etorriko direla uste dut».
Superligan momentu honetan Reala hamargarren postuan dago, hiru punturekin. Rayo Vallecano da ligako liderra, hiru partidetatik hiru irabazita. Atletico Madril sailkapeneko laugarren postuan dago, zazpi punturekin. Realak Superligan jokatutako hiru partidetatik bakarra irabazi du. Rayo Vallecanoren aurka, 4-3 galdu zuen, Llanos de Olivenzaren aurka 3-0 irabazi zuen. eta Sant Gabrielen aurka 2-0 galdu zuen.
Bravo gabeko derbia
Gizonezkoen lehen taldeari dagokionean, Reala eta Athleticen arteko denboraldiko lehen derbia, bihar bertan izango da, Anoetan (20:00). Derbirako sarreren salmenta Internet bidez eta Anoetako lehiatilan bertan ere zabaldu dute. Atzo goizean, 3.000 bat sarrera jarri zituzten zaleen eskura, eta ez zen gehiegizko ilararik sortu.
Claudio Bravok, Realeko ohiko atezaina den arren, ezingo du ez derbia jokatu, ez datozen bi hilabeteetako partidak ere. Izan ere, duela bi egun entrenatzen ari zirela kolpea jaso zuen geldiketa bat egitean, eskuin eskumuturrean eta besaurrean. Erradio hezurra hautsi zuenez, ebakuntza egin zioten asteazkenean Poliklinikan, eta guztia ongi atera zen. Astelehenean hobekuntza prozesua hasiko du Zubietan, eta bien bitartean, Eñaut Zubikaraik beteko du bere hutsunea.
Derbia jokatuko dutenen artean, Xabi Prieto ere egongo da, ezustekorik ezean. Hala, Realarekin 300 partida ofizial betetzera iritsiko da erdilari donostiarra. «Partida asko eta momentu asko bizi izan ditut, baina uste dut momentu hau derbian pentsatzeko dela, eta inporta zaidan gauza bakarra hiru puntuak lortzea da», adierazi du kapitainak.