Mintzalaguna egitasmoa aurrera ateratzeko hitzarmena sinatu dute
Bagera Euskaltzaleen Elkarteak eta Donostiako euskaltegiek adostu dute akordioa
Euskaltegiek eta Bagera elkarteak Mintzalaguna, Donostian euskara ikasten ari diren helduei euskararen erabileran laguntzeko egitasmoa aurrera eramateko hitzarmena sinatu dute. Hitzarmenarekin, Mintzalaguna egitasmoaren antolaketari forma bat eman, eta horrekin ardurak zehaztu nahi dira.
Akordioa sinatzen duten hirugarren urtea da hau, bertan, euskara ikasten ari diren eta euskara dakitenen arteko mintza praktikak koordinatu eta zabaltzea da helburua. Bagerak hainbat egiteko hartzen ditu bere baitan, esaterako, laguntzaileak lortzea, taldeak sortzea, jarraipena egitea… Eta euskaltegiek beraien aldetik beste batzuk hartzen dituzte; esaterako, ikasleen artean Mintzalagunari buruzko informazioa banatzea edo euskaltegian arduradun bat izendatzea.
Sinatzaileek argi dute hizkuntza bat egoera normalizatu batean bere hiztunen egunerokotasunean txertatuta egoten dela, eta beraz, euskararen normalizazioa lortzeko, honek ere hiztunen arteko egunerokotasunean egon behar duela.
Jakina da, euskaltegietan euskararen jakintza-maila hartzen dela, eta baita mintzamena ere, baina Aitziber Gurutzeaga Bagerako kideak Irutxuloko Hitzari azaldu dionez, «guk bilatzen duguna da, euskaltegitik aterata, taldea leku naturaletan aritzea».
Zabaltze kanpaina hirutan banaturik dutela azaldu dio Gurutzeagak. Lehena orain egiten dute, bigarrena urtarrilan izaten da otsailan talde berriak egiten direlako, eta azkena ekainean udako taldeei begira pentsatuta.
250 mintzalagun
Mintzalaguna egitasmoa duela hemeretzi urte (1993an) jarri zuen martxan Bagera elkarteak Donostian. Esan bezala, helburua euskara leku naturaletara ateratzea zen, lau pareten arteko ikasgaitik, kalera zein praktikara. Bagerak kontaktua ahalbidetzen du, baina mintzalagunak astean behin elkartzen dira haien kabuz, haiek baitira non eta noiz elkartu erabakitzen dutenak, «talde horrek erabakitzen du kafe bat hartzen duen bitartean mintzamena lantzea edo paseo bat ematen duenean», dio Gurutzeagak. Gainera, hilabetean behin egun osoa euskaraz aritzeko ekimenak gauzatzen dituzte, talde handiagoan batu eta besteak beste irteerak eginez.
Hasieran mintzalagun gutxi elkartzen ziren euskaraz egiteko, baina, urteak pasa ahala, forma hartu eta 200 laguneraino iritsi ziren. Iaz, hitzarmenak lagunduta agian, 250 izan ziren euskaraz mintzatzeko geratzen ziren lagunak. Egun, baliabideek ez diete ahalbidetzen hortik gorako talderik kudeatzea.
Mintzodromoak
Mintzalaguna egitasmoaz gain, Mintzodromoak ere antolatzen ditu Bagera elkarteak. Topaketa hauek guztiz irekiak dira eta urtean hirutan antolatzen dira. Bertan taldeka biltzen dira mintzalagunak eta emandako hiru gairen inguruan hitz egitea proposatzen zaile parte hartzaileei.
Aurten lehenengo Mintzodromoa abenduaren 3an egingo dute.


