Donostiako lehen Haur-etxea ireki dute Aieten
Donostiako lehenengo Haur-etxea ireki dute gaur, Aieteko Pagolan.
Haur-etxea, 0-3 urte bitarteko haurrak zaintzeko zerbitzu berri bat da. Lau bat umek osatutako talde txikiak sortzen dira, eta zaintzailearen etxean bertan egoten dira.
Familia giroan, konfiantzan eta goxotasunez, umeak etxean bezala sentiaraztea da zerbitzu honen helburua. Gloria Aranzabal, Haur-etxea proiektuaren koordinatzailearen esanetan, «Haur-etxea familia-habia bihurtzen da. Hau da, norbere bizitokiaren hedapen bat. Ume bakoitzaren erritmoak eta beharrak errespetatuz, etxean bezala sentitzen da txikia».
Haur-etxeak zaintzarako LOCZY sistema du oinarrian. Budapestetik jasotako teknika da, eta haurraren autonomia lortzen laguntzea du helburu.
Ez denez oso zainketa sistema hedatua, oraindik ez dago zerbitzu honi lotutako lanbiderik, baina zaintzaileek egokitutako prestakuntza jasotzen dute. Gloria Aranzabalen arabera, «Haur-etxea Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak sustatutako zerbitzua da, eta Lanbideren bidez jasotzen dute prestaketa zaintzaileek».
Bihar papereko Irutxuloko Hitzan izango dituzue Donostiako Haur-etxeko lehenengo eguneko xehetasun gehiago.