Ondarretako kartzelaren eta presoen historia berreskuratu dute
Espetxeko argazkiak, presoen gauzak, lekukotasunak eta hainbat agiri bildu dituzte Aieteko kultur etxean ireki duten erakusketan
Ondarreta Gezalaren kartzela erakusketak ahanzturan eroritako historiaren zati bat argitara atera du. Ondarretako hondartzatik metro gutxira Ondarretako espetxea egon zen, 1890etik 1948ra bitartean. Aieteko kultur etxean erakusketa ireki dute kartzelaren inguruan. Espetxeko argazkiak, presoen gauzak, lekukotasunak eta hainbat agiri bildu dituzte.
Ondarretako kartzela 1890ean ireki zuten, probintziako espetxe izateko eta mota guztietako presoak bildu zituen, baina 1931z geroztik, preso politikoz bete zen. 1936ko gerratik aurrera, frankistek milaka lagun espetxeratu zituzten; horietako asko torturatu, eta gutxienez 600 fusilatu egin zituzten, 1948ra bitartean. Protestei eta askatasun eskaerei ezikusiarena egin zieten.
Erakusketan, 39 argazki handi, mural bat, presoenak izandako 50 objektu baino gehiago eta Ondarretako kartzelako zati izandako harri bat daude (Aranzadi Zentzia Elkarteak berreskuratu du). Gainera, presoen senideen lekukotzak eta espetxeko argazki batzuk jasotzen dituen bideo bat prestatu da, baita kartzelako historiaren berri ematen duen liburu bat ere, Iñaki Egañak idatzia. Egañak berak azaldu zuen erakusketaren aurkezpenean Aieten egindakoa ez dela espetxe edo harri baten historia, baizik eta “barruan zeuden gizon eta emakumeen ametsen historia”.
Abenduaren 12a arte izango da zabalik erakusketa. Asteartetik ostegunera 16:00etatik 20:30era, eta larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara. Igandetan, 10:00etatik 14:00etara.