Aldundiak eta herritarrek gizarte politika eta ogasuneko gaiak partekatuko dituzte bihar
Gipuzkoako Foru Aldundia herritarrekin bilerak egiten ari da, 2013ko aurrekontua osatu aurretik, jendearen ekarpenak jasotzeko. Donostiako kasuan, bilera bihar izango da, 19:00etan, Foru Aldundiko Jauregian.
Orain arte egindako bileretan, aldundiak jakinarazitakoaren arabera, herritarrak ekarpen ugari eta interesgarriak egiten ari dira. Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu zein zuzendariak herriz herri ari dira jendearekin zuzen-zuzenean harremanetan, aurrekontuak osatu aurretik bi gairen inguruan herritarren asmoak jasotzen: egoera ekonomikoa eta Ogasuna batetik, eta gizarte politika bestetik.
Orain arte, Azpeitia, Zarautz, Beasain, Eibar, Errenteria, Irun, Arrasate eta Hernanin egin dituzte bilkurak, besteak beste. Saio bakoitzean, batez beste, 50 lagunek parte hartu dutela nabarmendu dute aldunditik. Bertaratutako jendeak ekarpen ugari egin ditu, “asko eta asko interesgarriak”. Aktan jasoak gelditzen dira eta, gero, 2013ko aurrekontuak lantzerakoan kontuan hartuko dituzte. Azaroan aldundia herrietara itzuliko da, aurrekontu proposamenaren berri emateko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eskerrak eman nahi izan die herritarrei, dinamika berri honetan parte hartzeagatik. “Hurrengo urteetarako, parte hartzeko baliabideak garatu nahi ditu aldundiak, herritar guztien nahien eta beharren arabera kudeatu ahal izateko erakundea”, adierazi dute.