Auto artean bizikletan ibiltzeko ikastaroa
Hirian galtzadan bizikletaz ibiltzeko ikastaroa antolatu du Donostiako Udalak bihartik larunbatera. Saio praktikoak izango dira eta kalean bertan emango dira, gehienez sei laguneko talde txikietan. Ikastaro hauen bidez, bizikletaz ibiltzeko oinarrizko segurtasun neurriak aztertuko dituzte, estutasun edo arazorik ohikoenak errepasatuko dituzte, eta larrialdi horietan nola jokatu behar den ere erakutsiko dute. Eta guztia, benetako trafikoarekin landuko da, noski, galtzadan sortzen baitira auto eta bizikleten arteko talkarik gehienak
Bizikletan ibiltzeaz asko dakite Kalapie taldekoek. Urteak daramatzate bizikleta eta autoen edo oinezkoen arteko harremana normalizatzeko lanean. Hainbat ekimen antolatzen dituzte horretarako, eta baita bizikleta garraio bide moduan aldarrikatzeko ere. Ekimen horietako bat hileko lehen astelehenetan antolatzen duten txangoa izaten da. Hantxe topatu ditugu aste honetan ere, udako oporren ostean, denboraldi berriko lehenengo irteeran.
Anoetako estadioaren parean elkartzen dira goizeko hamaiketan. Giuliano Mezzacasa, Kalapieko kidearen esanetan, «hiriko bidegorriak ezagutzen ditugu ordu eta erdiko buelten bidez. Ariketa egiteaz gain, jendeak bizikletaz ibiltzeko ohitura hartzea nahi dugu». Aste honetan Añorga-txikitik Errekalderaino doan bidegorri berria ezagutu dute.