2003. urteko urriaren 3an gertatu zen
Ernesto Gasco eta Iñigo Alonso izatezko bikote bihurtu ziren egun hartan; biek bazterrak nahastu izan dituzte, ez soilik sexu bereko lehen politikariak izateagatik lotura izenpetzen, Garraio sailburuordeak ardura postu bat betetzeko senarra aukeratu zuelako ere.
Gaurko egunez, duela bederatzi urte, Ernesto Gasco eta Iñigo Alonso izatezko bikote bihurtu ziren Donostiako udaletxean. Honela gauzak, Odon Elorza alkateak zuzendutako ekitaldi horren bitartez, sexu bereko lehen politikariak bihurtu ziren Hego Euskal Herrian euren lotura ofizialki izenpetzen. Garai hartan Gasco eta Alonso Donostiako eta Lasarteko udaletako PSE-EEko zinegotziak ziren, hurrenez hurren. Hamabi urte zeramaten bikote bezala.
Politikarien amak lekuko gisa aritu ziren eta, John Lennonen Imagine abestiaren doinu lasaien artean, eraztuna jarri zioten elkarri. Berrehun gonbidatuen artean, PSE-EEko hainbat ordezkari zeuden; orduko idazkari nagusi Patxi Lopez, Gipuzkoako alderdiko presidentea zen Jesus Egiguren eta une horretan Lasarteko alkate Ana Urchueguia. Bikotea autoz iritsi zen Alderdi Ederrera, eta bertatik joan ziren udaletxera. Ekitaldia eta gero, Chillida-Leku aukeratu zuten argazkiak ateratzeko eta Martin Berasategiren jatetxea ohiko bazkaria egiteko.
Handik bi urtera, 2005eko irailaren 20an, egoera errepikatu zen; kasu honetan, izatezko bikote bihurtzeko ekitaldia beharrean, ezkontza egin zuten Gascok eta Alonsok.
Orduan ere sexu bereko lehen politikariak izan ziren ezkontzen eta orduan ere Odon Elorza alkateak zuzendu zuen ekitaldia udaletxean. Homosexualen arteko ezkontzak egin ahal izatea ahalbidetu zuen Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak hilabete batzuk lehenago, PPk kontrako jarrera izan arren. Hori dela-eta, ezkontza amaitu ostean, Gascok ez zuen aukera galdu PPren aurka egiteko. Bere ezkontza eta geroago etorriko zirenak «gizartearen garaipen» bat zirela nabarmendu zuen donostiarrak.
Gasco eta Alonsoren arteko harremanak bazterrak nahastu ditu behin baino gehiagotan, ez PP sexu bereko bi pertsonen arteko loturen aurka dagoelako, bikote hau albiste iturri bihurtu izan delako zenbait kargu banatzeko orduan. Hain zuzen ere, Garraio sailburuorde gisa Jaurlaritzara iritsi bezain pronto, Gascok senarra Meteorologia eta Klimatologia Zuzendari izendatu zuen. Ez zen lehen aldia Alonso Gascoren esanetara zegoela; Donostiabuseko autobus gidaria izan zen Garraio sailburuordea Donostiako Mugikortasun, Garraio eta Azpiegituretako zinegotzia zenean. Alonso Mugaz Gaindiko Lankidetzako ordezkaria ere izan da.



