Alokairuzko auto elektrikoak iritsi dira hirira
Autoak Hernani kalean eta Birmingham kalean daude. Laster Antiguan ere izango dira
Gaur bertan hasi da auto elektrikoak alokatzeko zerbitzua. Lau auto elektrikok eta bi hibridok (entxufatzeko modukoak) osatzen dute sarea. IBILEK enpresak (Energiaren Euskal Erakundeak eta REPSOLek bultzatutako enpresa) hornitutako argindar 100% berriztagarria erabiltzen dute.
Autoak Erdialdean (Hernani kalean) eta Grosen (Birmingham kalean) daude. Eta, laster, Antiguan ere izango dira (Elias Salaberria kalean). Zerbitzua 25 urterako esleitu da, eta hirian mugitzeko beste modu bat eskaintzen du, alokairuko kotxe elektriko batek lau eta hamar ibilgailu partikular ordezkatu ditzake eta. Zerbitzuan alta emateko prezioa 50 euroko da; hilean 10 euroko kuota ordaindu behar da, eta 9 euro alokairu orduko. Prezio horretan, erregaia (argindarra), asegurua, asistentzia, garbiketa eta aparkalekua sartzen dira. Tarifak IBILEKen webgunean ikus daitezke.
Zerbitzuan izena ematen duten aurreneko 250 erabiltzaileek %65eko murrizketa izango dute alta emateko kuotan, eta lehenengo 6 hilabeteetakoetan, CIVITAS ARCHIMEDES europar proiektuak finantzatzen baitu, Donostiako Udalak ere parte hartzen duen proiektuak. Era berean, aurreneko 6 hilabeteetan hileko lehenbiziko alokairu ordua doan izango dute.



