Bizikletak alokatzeko geltoki gehiago egingo dituzte, eta ordutegi malguagoa izango dute
Gutxienez 25 bizikleta geltoki, 400 lokailu eta, gutxienez, 250 bizikleta izango ditu alokairuzko bizikleta sistema publikoak. Egungo sistema nabarmen hobetuko da, izan ere, egun bederatzi geltoki, 190 lokailu eta 150 bizikleta baititu. Sistema hau indarrean egon da 2008. urtetik.
Auzo berrietara iritsiko da, Añorgara eta Herrerara. Gainera, zerbitzuak ordutegi malguagoa izango du. Bizikletak alokatzeko sistema zabalik egongo urtearen 365 egunetan, 06:30etik 23:00etara. Uztailean eta abuztuan 00:00ak arte luzatuko da.
Mugikortasun zinegotzi Jon Albizuk zerbitzu honek beste garraiobide publiko batzuk osatzen dituela nabarmendu du: “Helburua da herritarrei bizikleta eskuratzeko erraztasunak ematea, haien esku alokairu sistema publiko bat jarrita. Hartarako, egungo sistema hobetu dugu, malguago eta osatuagoa izateaz gain, kalitatea ere hobetu baita, tartean, hainbat auzotara zabaldu delako, adibidez Añorgara eta Herrerara”.
Egun Cemusa enpresak du alokairuzko bizikletaren zerbitzuaren ardura. Udalak, ordea, lehiaketa egingo du. Parte hartu nahi duten enpresek hamabost eguneko epea izango dute proposamenak aurkezteko. Albizuk esleipena egiteko prozesuaren gardentasuna ere nabarmendu du, aurreko proiektua prozesu publiko bat egin gabe eman zelako eta oraingoan lehiaketa egingo delako.
Hala ere, Cemusak urte hauetan egindako lana ere aitortu nahi izan du Albizu zinegotziak. Sare berria abian jarri arte enpresa honek zerbitzua ematen jarraituko duela azaldu du.
Jon Albizuk azpimarratu nahi izan du, zerbitzu haonek ez diola gasturik ekarriko Udalari. Erabiltzaileei, urteko abonamenduaz aparte, denboraren araberako erabilera ere kobratuko dutela azaldu du Albizuk. Prezioa, ordea, “sinbolikoa” izango da; eta enpresa esleipendunaren diru sarreren iturrietako bat izango da, publizitatearen bidez izango dituen diru sarrerekin batera: “Gehienbat sinbolikoa den prezio batez ari gara; izan ere, 0,10 zentimo kobratuko baitira, bizikleta gehienez hogei minutuz erabiltzeagatik. Hau da, egunero unibertsitatera doan ikasle bati hilean bi euro kostako zaio”, gaineratu du zinegotziak.
Bizikleta elektrikoak
Hiriaren ezaugarri orografikoak ikusita, eta ezarritako gutxieneko kopurua betetzeko egin beharreko geltoki berrien kokalekuak kontuan hartuta, bizikleta batzuk elektrikoak izateko aukera aztertu du udal gobernuak; kasu horretan, horrelakoak kargatzeko lokailuak ere jarri beharko lirateke. Beste aukera bat da mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonentzako bizikletak jasotzea sisteman.



