Euskarak ere ondo daki enpresa munduaz
‘Enpresarean’ du izena euskaraz lan egiten duten enpresen lehen azokak. Kursaalen izan da topaketa eta 100 enpresatik gora bildu dira bertan, esperientzia eta negozioak elkar trukatzeko.
Euskararen normalizaziorako bidean hainbat ekimen eta helburu ezagutzen dira gaur egun. Kalean, egunerokotasunean, eskolan edo beste hainbat lekuetan euskara bultzatzetik haratago doaz beste batzuk, eta enpresa munduan ere euskara txertatzeko ahalegina egiten dute. Hori izan da Bai Euskari Ziurtagiria Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala eta Kutxako Gizarte Ekintzaren laguntzarekin, ikustarazi eta antolatu nahi izan duena: euskaraz lan egiten duten enpresen arteko azoka bat.
Enpresarean egitasmoaren barruan antolatutako azokak euskaraz lan egiten duten 100 enpresatik gora bildu ditu. Helburuak euskaraz aritzen diren enpresen artean elkarlana bultzatzea, esperientziak trukatzea eta hornitzaile berriak aurkitzea izan dira.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendari Rober Gutierrezek argi du; «euskaraz lan egin nahi duten edota zerbitzua euskaraz eskaini nahi duten erakundeei erraztasunak eman nahi zaizkie».
Denetariko negozioak
Kursaalen atzo bildutako enpresen artean denetariko enpresak ikus zitezkeen, komunikaziokoak, aholkularitzak, web garapenekoak, ikus-entzunezkoak, arropa enpresak… Gainera, batzuek euskara erabiltzen dutelako egin dute bisita eta beste batzuek euskara sustatzen dutelako.
Zergatik enpresako Aitor Arbeolak argi du euskaraz egitearen arrazoia; «gu beti enpresa euskalduna izan gara, eta erosoago sentitu gara horrela». Euskararen erabilera kanpora zein barrura begira ulertzen dute, nahiz onartu duen aukeraketa konsziente baten ondorio ere badela, «nahiz gure herrialdea, dugun merkatua baino txikiagoa izan, beti saiatzen gara euskara zaintzen; adibidez, webgunean lehen hizkuntza izanik».
Bestalde, EMUN Lana Euskalduntzeko Kooperatibak, euskara erabili ez ezik, beste enpresa zein lan eremu euskalduntzeko helburuarekin egiten du lan. Bertako Ainhoa Elicesen esanetan, «guk %99,9 egiten dugu euskaraz» eta lanaren inguruan zehazki «zerbitzuak eskaintzen dizkiegu enpresei, beraiek hizkuntzen kudeaketan euskara erabili ahal izateko»
Azoka birtualak aurrera
Azoka, ordea, Enpresareanen ekimenetako bat da. Horretaz gain, lanean jarraituko dute azoka birtualean (www.enpresarean.org) zein sare sozialetan.



