Jesus Maria Leizaolak ireki zuen bidea
Erbesteko lehendakariak 1986an eskuratu zuen Jaurlaritzaren sari gorena. Geroztik, beste zenbait donostiarrek jaso dute Gasteizen omenaldia; Nely Carla, Ramon Saizarbitoria eta Richard Oriberi Lan Onari saria emango diete hilaren 25ean.
Urriaren 25a jai eguna da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, 2011. urteaz geroztik Eusko Jaurlaritzak hala erabakita. Horrenbestez, egutegian gorriz markatutako egun hori berria dela esan daiteke; ez, ordea, egun horretan banatuko dituzten sariak, herritar askorentzat ezezagunak izan arren.
Hain zuzen ere, datorren urriaren 25ean, Gernikako Arbolaren Gurutzea, Lagun Onari titulua eta Lan Onari sariak banatuko dituzte Gasteizen, Patxi Lopez lehendakariaren eskutik. Donostia sarritan egon da ordezkatuta izendapen horietan, eta aurten ez da salbuespena izango.
2012ko Lan Onari sariak, esaterako, lotura zuzena izango du hiriarekin, zenbait donostiar baitaute saridunen artean; Ramon Saizarbitoria idazlea, Richard Oribe igerilari paralinpiarra eta Nely Carla eskubaloi jokalaria. Era berean, Bera Berako jokalari Eli Pinedo eta Patricia Elorzari ohore egingo diete. Kirolari donostiarrek Londresko Olinpiar Jokoetan domina lortu dutelako izendatu dituzte; Saizarbitoria, berriz, euskal literaturari egindako ekarriagatik.
Hauek guztiek Lan Onari izendapena jaso duten beste donostiarren lekukoa hartuko dute: 2000. urtean, Eduardo Txillida artistari eman zioten; 2002an, Juan Mari Arzak sukaldariari; 2005ean, Angel Iglesias enpresariari; 2009an, Iñaki Gabilondo kazetariari eta Juan Mari Bandres abokatu eta politikariari; 2010ean, Xabi Alonso futbolariari; eta 2011n, Juan Pablo Fusi historialariari.
Eusko Jaurlaritzaren arabera, «Lan Onari tituluak esker ona ematen die beren lanbidean nabarmendu diren euskal herritarrei, beren merezimenduak ageri-agerikoak izanda, eguneroko lanean etenik gabe, bete-betean eta erabat sartuta jardun dutelako». Donostiarrek, beraz, leku garrantzitsua izan dute orain arte garaikur hauetan.
Lagun Onari tituluari dagokionez, Euskal Herriko jendearentzat zuzenduta ez dagoenez, hiriak ez du presentziarik. Eusko Jaurlaritzak, kasu honetan, «beren ekintzekin Euskadiren alde egin duten pertsonei eta entitateei, euskal ekonomia sustatzen eta euskal historia eta kultura kanpoan ezagutarazten egindako lanagatik» omendu ohi ditu saridunak. «Historian zehar Euskal Herriak oso estimatuak izan dituen bertuteak eta baloreak agertzeagatik euskal herritarren lagunak direla aitortu nahi zaien pertsona fisiko nahiz juridikoei eman ahal izango zaie Lagun Onari goraipamena, euren eremua gizartea, kultura, ekonomia edo politika dela», dio Lehendakaritzak.
Aurten, Lagun Onari saria Frantziako Errepublikak eramango du, 1936ko gerran eta Frankismoan «euskal herritarrei eskainitako babesarengatik» eta «ETAren aurkako borrokan laguntza emateagatik».
Ardanzari ohore
Gernikako Arbolaren Gurutzea sari horien guztien artean, zaharrena ez ezik, garrantzitsuena ere bada. Bere helburua hauxe da, betiere Eusko Jaurlaritzaren hitzetan: «Euskal Herrikoak izanda edo euskal jatorria izanda –izaera politiko hori izan zein ez–, Euskadiren nortasuna defendatzen eta berreskuratzen nabarmendu direnei eta, orokorrean, gizarte, ekonomia eta kulturaren alorrean egindako lan bikainagatik eta lortu duten ospeagatik nabarmendu direnei saria ematea».
Esanak esan, Juan Antonio Ardanza lehendakari ohiari emango diote aurten Eusko Jaurlaritzaren sari gorena bezala ezagutzen den garaikur hau.
Donostiarrik ere badago izendapen honen ibilbidean; 1986an, Jesus Maria Leizaola abokatu, idazle eta EAJko buru izandakoa omendu zuten, erbestean Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan zelako 1960 eta 1979 urteen bitartean. Leizaolak berak ireki zuen donostiarren bidea Gasteizek banatzen dituen sariei dagokienez; lehen aipatutako herritarrek geroago jaso baitzuten ohorea.