1936ko gerrari buruzko euskal zinemari eskaini diote Nosferatu bilduma berria
Antzoki Zaharrean hainbat film proiektatuko dituzte urria eta abendua bitartean. Gaur izango da lehen emanaldia
Alex de La Iglesia eta Ana Diez zuzendarien zinema aztertu eta proiektatu ondoren, 1936ko gerra ardatz duen ziklo bati helduko dio Euskadiko Filmategiak. Donostia Kulturak ere bat egin du ziklo honekin, eta biek elkarlanean argitaratu dute Nosferatu bildumaren zortzigarren zenbakia: Zinema eta Gerra Zibila Euskal Herrian argitalpena.
Gernika eta Durangoko bonbardaketen 75. urtemugan Euskal Herrian 1937. urtetik aurrera gerrari buruz egin diren filmak dira protagonista zikloan eta argitalpen berrian. Hamazazpi film emango dituzte Donostian, Bilbon eta Gasteizen, hamar emanalditan. Donostian Antzoki Zaharrean proiektatuko dituzte. Azken zortzi hamarkadan egindako ekoizpen esanguratsuenak bildu dituzte zikloan. Ia ordena kronologikoan gatazkari buruz egin diren lanak ikusi ahal izango dira. Propaganda zinema, dokumentalak eta fikziozko lanak izango dira, besteak beste. Nemesio Sobrevilak Eusko Jaurlaritzarentzat gerra urteetan egindako lanak – Guernika (1937)-, Alain Resnais eta Robert Hessensen Guernica (1950), eta kutsu frankista duen El otro arbol de Guernica (1969). Berriki memoria historikoa berreskuratzeko egin diren ekoizpenak ere jaso ditu zikloak: Julio Medem donostiarraren Vacas (1992), Jaime Caminoren Los niños de Rusia (2001), Helena Tabernaren La Buena Nueva (2008) eta Pedro Olearen La Conspiracion (2012).
Gerrari buruzko filmografia osoa Nosferatun
Santiago de Pablo EHUko katedradunak eta Joxean Fernandez Filmategiko zuzendariak koordinatu dute Nosferatu bildumako zenbaki berria. De Pabloren ustez, argitalpenak Euskal Herrian gerrari buruz egin den zinema guztia jasotzen du, eta gaiari buruzko aditu onenek parte hartu dute. EHUko katedradunak azaldu duenaren arabera, liburu honek argi ikusten du Euskal Herrian 1936ko gerrari buruz egin diren filmen berezitasun bat: “Espainian egiten zen progragandarako zinema ezin zen Euskal Herrira ekarri. Hemen egoera bestelakoa zen. Izan ere, EAJ, alderdi katolikoa izanik, errepublikaren alde egin zuen. Beraz, film haietan zabaldu beharreko mezua ere desberdina zen. Euskal Herria herri bakezale eta katoliko gisa aurkezten zuten. Nazioarteko demokrazientzako pentsatutako zinema zen. Herrialde horiei Euskal Herriari laguntza emateko konbentzitu nahi zieten”. Frankistak, bere aldetik, euskara eta euskal tradizioa abertzaletasunetik aldentzen saiatu zirela azaldu du, karlismorantz gerturatuz: “Hainbat filmetan euskaldun katolikoei marxistekin bat egin izana aurpegiratzen diete”.
Hainbat zinemagileren ahotsak ere jaso dituzte liburuan. Josu Martinezena esaterako; Debekatuta dago ahaztea filmaren egilearena. Mikel Rueda zuzendariarena ere. Hark ere, Martinezek bezala Saturrarango espetxearen historia berreskuratu zuen Izarren argia filmean.