Amarako jubilatuen bazkaria, Sahats elkartean. (Argazkia: Nagore Koch)
Ia hirurogei pertsona elkartu dira
Duela bi urte elkartu ziren azken aldiz. Gaur berriro ikusi dute elkar Amarako Sahats elkartean. Auzoko jubilatuentzako bazkaria egin dute gaur eguerdian. Ia 60 jubilatu bildu dira Azpeitia kaleko elkartean. Aurten bazkari hau “bai ala bai” egin behar zutela adierazi du elkarteko presidente Paco Ramosek. Izan ere, elkartea 25. urtemuga ospatzen ari da.
Ezkerretik eskuinera: Carmen Alonso, Maria Angeles Sebastian, Elvira Telletxea eta Tomas Puertas. (Argazkia: Nagore Koch)
Morlansetik iritsi dira Santos eta Maria Luisa Lazkuoz anai-arrebak eta Santosen emazte Maria Esther Diego. Sahats elkartean egondakoak dira, baina jubilatuen bazkarira lehen aldiz joan dira. Mahai berean zeuden eserita Carmen Alonso, Maria Angeles Sebastian, Tomas Puertas eta Elvira Telletxea amaratarrak. Haientzat ere lehen aldia zen jubilatuen bazkarian.
Santos eta Maria Luisa Lazkuoz anai-arrebak (ezkerrean eta eskuinean) eta Santosen emazte Maria Esther Diego (erdian). (Argazkia: Nagore Koch)
Lehen, elkarteak berak uda hasieran egiten zituen festetan egin ohi zuten auzoko jubilatuen bazkaria, ekainaren bukaeran. Urteekin, ordea, Sahats plazako jaiak desagertu egin ziren; eta bazkaria soilik bi urtean behin egiten hasi ziren.
Hilaren 16an elkarteko Bazkideen Eguna ospatuko dute. Duela 25 urteko inaugurazioan bezala, Gaztelubideko otxotea izango da ekitaldian.