"Dena oso neurtuta dute hautagaiek"
Peio Millan altzatarra Iñigo Urkulluri galdera egin dion herritarretako bat da, EiTBn joan den astean egindako saioan. Hasierako Lanbide Prestakuntza Programetako irakaslea da.
Hauteskunde kanpainan murgilduta daude politikariak. Han eta hemen dabiltza egunotan lehendakari izateko hautagaiak, kalean zein komunikabideetan; ekitaldi politikoak, elkarrizketak, eztabaidak… eguneroko agenda beteta dute.
Eusko Legebiltzarra helburu duen lasterketa abiatu baino ordu batzuk lehenago, Euskal Telebistaren bigarren kateak EAJko hautagai Iñigo Urkulluri egin zion tartea joan den ostegunean, hogeita hamar herritarrek beste horrenbeste galdera egin ziezaioten, aurreko egunetan gainontzeko hautagai nagusiek egin bezala. Urkulluri galdera egin ziotenen artean altzatar bat zegoen: Peio Millan (Altza, 1974). Kamera aurrean eta atzean gertatutakoak azaldu dizkio Irutxuloko Hitzari.
Irakaslea baino, hezitzailea
Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programetako irakaslea da Millan, Bidebietako ikastetxe batean. «Etorkinak eta porrot egin duten ikasleak jasotzen ditugu, kasu batzuetan sistemak berak porrot egin duelako, ez eurek. Hezkuntzak eta ikastetxeek bideratzen dituzte gurera», jakinarazi du altzatarrak. Irakaslea baino, hezitzailea dela nabarmendu du. «Gazteekin, batez ere, heziketa lanari ematen diot garrantzia. Mugak behar dituzte, baina baita laguntza ere. Erreferentzia bat zara eurentzat», azaldu du.
Hau guztia esplikatu eta gero, ulertzekoa da Urkulluri egindako galdera, bere lan arloarekin zerikusi zuzena baitzuen. «Beste hautagaiei galdera bera egingo nieke», aitortu du. Hauxe izan zen galdera: «desberdintasuna eta bazterketa soziala murrizteko biderik onena hezkuntza dela kontutan hartuta, aurrekontuei dagokienez, ez al duzu uste esfortzu handiena Hezkuntza Publikoan eta bazterketa soziala eta eskola porrotaren aurka borrokatzen duten programetan egin beharko litzatekeela, Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programetan, kasu? Zein proposamen dituzu hezkuntza arlo honetan?», galdetu zion.
Galdera hau eta besteak erantzuten iaioa dela erakutsi zuen Urkulluk, gainontzeko hautagaiek bezala. Hain zuzen ere, Millan ziur da Euskal Telebistako saio horretara joan ziren politikariek ez zekizkitela galderak aldez aurretik, bere iritziz, edozein galderari aurre egiteko gaitasuna dutelako. «Jantziak dira galderak ez erantzuten», adierazi du, umorez.
Politikariak kanpainan daudenez, ez dagoela inprobisaziorako lekurik uste du. «Dena oso neurtuta dute hautagaiek; badakite zer egin eskuekin, nola hitz egin… hautagai guztiak entrenatuta daude», nabarmendu du. Kamera atzeko bizipen bat jarri du adibide gisa. «Kazetari batek esan zuen bost pertsonek galdetu ziotela independentziari buruz; bada, erantzuteko orduan, Urkulluk ez zuen ‘independentzia’ hitza erabili, autogobernua eta halakoak baizik… dena oso neurtuta dago», berretsi du.
Millan irakaskuntza arloko elkarte batean dago, eta horren bitartez izan zuen programara joateko aukera. Lau galdera idatzi zituen telebista saiora joan aurretik, eta lehentasunaren arabera zerrendatu zituen. Programako arduradunek Kutxabanki buruz prestatutako galdera gustukoa izan zuten, eta ea hori egiterik zuen galdetu zioten. «Nik ezetz erantzun nien, egin nahi nuen galdera nire lan esparrua jorratzen zuelako. Arazorik ez zegoela erantzun zidaten», ekarri du gogora.
Dena oso neurtuta dagoela esan duenean, programaren arduradunei buruz ere ari da. Izan ere, kamera atzeko bizipenekin jarraituz, saioaren bukaeran pertsona batek komunera joan beharra zuen halabeharrez; herritarrei prestatutako harmailan, telebista pantailaren bitartez hutsunerik ez igartzeko, bere lekuan ordezko bat jarri zuten.
Galderak egin zituzten herritarrekin lehen kontaktua programa hasi baino bi ordu lehenago izan zuen, 19:00etan –saioa 21:00etatik 22:30ak bitartean grabatu zuten, sasi-zuzenean–. Amara Plaza hotelean geratuak ziren, eta furgonetaz eraman zituzten Miramonera. Han askaria zuten zain. «Bitxikeria moduan, herritarretako batek iturriko ura nahi zuela esan zuen, ez botilakoa. Eta etxetik ekarritako edalontzi bat bete zioten urez. Bere jarrera oso koherentea eta jasangarria iruditu zitzaidan, berak geroago egingo zuen galdera kontutan hartuta», erantsi du altzarrak.


