"Ni erailtzea zela helburua pentsatu nuen, baina beraien partehartzerik gabe", salatu du Enara Rodriguezek
Arkaitz Rodriguez preso altzatarraren arrebak Logroñoko bisitatik bueltan bizitako jazarpena salatu du Etxeratek
Irailaren 28an Iruñea bidean zihoala, kotxe bat uneoro alboan zuela nabaritu zuela kontatu du Enara Rodriguezek bere testigantzan. Azkenean bere autora gerturatzen hasi zirela, eta errepidea uztera behartu zutela adierazi du Etxeratek. Irteeran, irauli ez bazen ere, 3-4 buelta eman zituela ere kontatu du.
Testigantzaren esanetan, orduan beste autotik bi gizon irten ziren eta Rodriguezek poliziari dei egingo ziola esatean barrez hasi ziren, Polizia Nazionalaren plaka bat iruditu zitzaiona erakutsi zioten bitartean.
Hortik aurrera, mehatxuak, eraso fisikoak, ukituak, eraso sexisten eta bortxaketen mehatxuak, jaso zituela adierazi du Etxeratek.
Azkenik lurrera bota eta gero lepotik altxatu arazi ostean, azkar joateko esan zioten, berriz aurkitu ezkero, kontatuko ez zuela esanez. Rodriguezek bere testigantzan honela dio; “ni erailtzea zela helburua pentsatu nuen, baina beraien partehartzerik gabe”.
Etxeratek kasu honek senide eta lagunek jasaten duten jazarpena argi uzten duela adierazi du. Baina adierazi du horrelakoek ez dutela haien lagun eta senideekiko duten maitasuna gutxituko, eta bisitak egiten jarraituko dutela.