Oteizak Ametzagainarako egin zuen hilerri proiektua gogora ekarri dute San Telmo Museoan
Oteiza eta monumentalitate berria gai nagusi eta ardatz dituzten hiru ekimen egingo dira hurrengo egunetan museoan: erakusketa, jardunaldiak eta mintegia
Jorge Oteizak Egiako Ametzagaina muinorako egindako hilerri proiektua abiapuntu hartuta, eskulturak, eta arteak oro har, arkitekturarekin, hiriarekin eta gizartearekin eta politikarekin dituen harremanei buruzko hiru ekimen hartuko ditu hurrengo egunetan Donostiako San Telmo Museoak.
1984an Donostiako Udalak hilerri berri bat sortzeko nazioarteko lehiaketa bat egin zuen. Deialdi hartan parte hartu zuen Oteizak. Juan Daniel Fullaondo arkitektoarekin eta haren laguntzaile Marta Maiz, Enrique Herrada eta Maria Jesus Muñozekin batera, Izarrak alde izeneko proiektua sortu zuen. Lehiaketa hura ez zuen irabazi; baina halere, proiektu irabazlea ez zen inoiz egin. Hilerri berria egiteko proiektu hura ezerezean geratu zen.
Oteizak akropoli moduko bat diseinatu zuen. Harrera espazio gisa ulertzen zuen hilerria. Arteari eta hiriko paisaiari lotutako hilerri bat nahi zuen. Kanposantu gisa ez ezik, eremu kultural gisa ere diseinatu zuen. Proposamen berritzailea zen, zinez. Aireportu bateko aireratze pista baten moduan irudikatu nahi izan zuen hilerria. Izan ere, sortzailearen ustez hildakoak bertatik abiatzen ziren. Norantz? Zerurantz eta itsasorantz. Aireratze horrek itsasoa baitzuen jomuga. Igeldo eta Urgullen arteko espazio horretara zuzenduta baitzegoen hark irudikatutako aireratze pista hura.
Hari buruzko dokumentazioa, jatorrizko marrazkiak, zirriborroak, hiru dimentsioko maketak, ikus-entzunezkoak eta beste hainbat elementu jaso dituzte San Telmo Museoan azaroaren 11 arte ikusgai izango den erakusketan.
Erakusketaz gain, ardunaldi batzuk egingo dituzte hil honetan. Asteazkenero hitzaldi bat egingo dute. Ekimenaren antolakuntzan, San Telmo Museoarekin elkarlanean aritu dira Jorge Oteiza Museoa Fundazioa eta EHUko Arte Ederretako Fakultateko Eskultura Ikerketa saila.