
Gaur goizean egin dute Harria 100 ekimenaren aurkezpena. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Euskal Herrian orain arte harriek eta harri-jasotzaileek bildu duten 100 urteko historia nolabait omendu nahi dute Harria 100 ekimenaren bultzatzaileek. Patxi Jauregi, Gipuzkoako Pilota Federazioko presidentea, eta Joseba Urretabizkaia argazkilaria izan dira proiektuaren sortzaileak, eta oso harro daude lortutakoarekin. Liburu bat osatu dute, argazkia zaharrak eta gaur egungoak batuz, eta Euskal Herriko 105 harri-jasotzaileren lekukotasunak bildu dituzte.
Egun handia, urriaren 20a izango da. Izan ere, egun horretan, hainbat ekimen egingo dituzte Donostian. Goizeko hamaiketan, aipatutako liburuaren aurkezpena egingo dute San Telmo Museoan, eta ondoren, 12:30ean, Harria Jaialdia egingo dute Viktoria Eugenia Antzokian. Ikuskizunean musika, dantza eta kirola uztartuko dituzte. Zehazki, Oreka TX, Kukai dantza taldea, Amaren Alabak eta Ortzi Akosta izango dira ikuskizuneko partaideak, baina kirolariak ere ez dira faltako. Gainera, Urdax, Idoia eta Aimar harri-jasotzaileak marka berriak hausten saiatuko dira, antzokian bertan. Ikuskizunaren ostean, bazkaria egingo dute Groseko Manteo kiroldegian.