Politika orokorrari buruzko udalbatzarra egiten ari dira
Ez ohiko udalbatzarra egiten ari dira, Bilduren kudeaketaren kontrako kritiken artean. Udal gobernuak eta oposizioak errealitatea desberdin ikusten dutela agerian geratzen ari da berriro
Juan Karlos Izagirrek ireki du agerraldien txanda, eta donostiarrekin batera lan egin dutela nabarmendu du. «Gobernatu egin dugu, desberdin agian, baina gobernatu eta kudeatu dugu; donostiarrekin batera, gainera», esan du. Herritarrekin egotea lehentasuna izan dutela adierazi du, eta Martuteneko uholdeak jarri ditu adibide gisa; «hara joan ginen, aurpegia eman genuen eta, batez ere, entzun genien». Auzoz auzo, mila herritar baino gehiagorekin izan direla eta 800 proposamen jaso eta erantzun dituztela azaldu du.
PSE-EE eta PPko bozeramaile Ernesto Gascok eta Ramon Gomez, bere aldetik, ados jarri dira alkatearen agerraldia baloratzeko garaian; «ez duzu azterketa gainditu», esan diote. EAJko bozeramaile Eneko Goiak, bestalde, bere alderdiak ateratako ondorioaren berri eman du; «alkateak esan duen guztia sinetsi egiten al du? Sinetsi egiten badu, beste mundu batean bizi da; errealitate birtual batean».



