XVII. mendetik euskal kostaldean izan diren hondoratzeen historia berreskuratu du Ontzi Museoak
Donostiako Antonio Okendo itsasgizonaren flotak 1607an sufritutako naufragioarekin hasten da erakusketa
Historiako hondoratzerik ezagunenaren mendeurrena da aurten. Ehun urte dira Titanic ontzia hondoratu zenetik. Ehun urte bete dira ere, 1912an galerna batek Bizkaiko arrantza ontzi asko urpean utzi zituenetik; eta San Ignacio de Loyola petrolio ontzi gipuzkoarra hondoratu zenetik. Ezbehar hauen urtemuga kontuan hartuta, Ontzi Museoak euskal kostaldean gertatu diren beste hainbat hondoratzeen historia berreskuratu du.
Izan ere, itsas tradizio sendoko herrialde guztiek bezala, Euskal Herriak bere kostaldetik gertu nahiz urrun hainbat hondoratzeen ondorio latzak pairatu ditu. Bidarten, hondartza eta duna artean, eta ekaitz bortitz baten ondorioz, Antonio Okendo itsasgizon donostiarraren flotaren ia erdia hondoratu zen 1607an. Bederatzi galeoietatik lau urperatu ziren. 800 gizonek galdu zuten bizitza. Hondoratze hura sorginei egotzi zioten; garai hartako pentsaeraren isla zen hura.
1878an enbata batek Kantauri itsasoko arrantzaleen historia modu tragikoan markatu zuen. Kostatik hamabost itsas miliatara zirenean, ustekabean sortutako galerna batek 300 arrantzale baino gehiago hil zituen. Gertuko portuetako babesa lortzen saiatu ziren arren, asko hil egin ziren ihes egiteko ahaleginean. Egun hartan berrogeita hamar bat arrantza ontzi ez ziren inoiz portura itzuli. Bost arrantzale Donostiako portukoak ziren.
Ezbehar haren ondorioz, hainbat hobekuntza egin zituzten ontzietan. Arrantza bateletan estalki luzea jartzen hasi ziren. Eguraldiaren aldaketen berri asotzeko zerbitzuak ere hobetu zituzten. Orcolaga apaizak lan handia egin zuen arlo honetan. Izan ere, aitzindaria izan zen meteorologia behatoki bat sortu zuen Igeldon 1902an. Galerna bortitz ondoren ere sortu zuten Donostian, Gipuzkoako Itsas Salbamendurako Elkarte Humanitarioa, 1979an.
‘Mirentxu’ ontzia
Finisterre eta Higuer lurmuturraren artean ondorio latzak izan zituen beste galerna handi batek; 1961eko uztailaren 12koak. Guztira 83 hildako izan ziren. Udako gau lasai baten ondoren galerna indartsu batek Kantauri itsasoko kostaldea gupidagabe astindu zuen. Atun-kanpainan lanean ari ziren arrantza ontzi asko arriskuan ziren. Garai hartan, gainera, eguraldiaren iragarpena ezagutu gabe itsasoratzen ziren. Itsasoan galdu ziren hogei ontzien artean, bat Donostiakoa zen, Mirentxu ontzia. Bere tripulazioa osorik hil zen enbata hartan.
‘Mari’, salbamendu lanetan itota
Naufragioen historia ezin da ulertu salbamenduaren historia ezagutu gabe: Adoretsu, besteen bizitzak salbatzeko eurena arriskuan jarri zuten pertsona horien historia. Eta haiei ere eskaini die erakusketa Ontzi Museoak. Jose Maria Zubia Mari (1809-1866) izango da ziur aski donostiarrentzat salbatzailerik ezagunena. Zumaian jaio zen Mari. Bere txalupa gidatzen, salbamendurako hainbat lanetan parte hartu zuen Donostian; Santa Klara uhartearen parean arrisku larrian zegoen ontzi bati laguntza emateko ahaleginean itota hil zen arte.
Erakusketa azaroaren 30a arte izango da ikusgai, Ontzi Museoaren goiko solairuan, liburutegiaren ondoan. Egunero bisita gidatuak egingo dituzte, baita asteburuetan ere.


