Murrizketei eta erreformei ozen esan diete ezetz ikasleek
Ibaetako campusean %97ko greba zenbatu dute; Bigarren Hezkuntzan jarraipen zabala izan du
Hezkuntzako murrizketa eta erreformen aurka ikasle greba eta mobilizazio eguna zegoen deituta atzoko egunerako. Donostian goizetik nabaritu zen deialdiaren jarraipena. Goizean zehar pikete informatiboak aritu ziren, Bigarren Hezkuntzan, Lanbide Heziketan eta baita Ibaetako campusean ere, eta 11:30etan bi zutabe abiatu ziren Andia kalean dagoen Hezkuntza Sailaren egoitzara.
Greba Espainia osoan zegoen deituta. 55 mobilizazio baino gehiago zeuden aurreikusita, denak Werten azken Hezkuntza erreformaren aurkako jarrera erakusteko. Neurrien artean, unibertsitateko tasen igoera, irakasleen kaleratzea, hizkuntza zapalduen gutxiestea eta Espainiako konstituzioaren gaineko doktrinamendua… daudela salatu dute, eta horrek Euskal Herrian eragina izango duela; «azken urteetan euskal hezkuntzak jaso dezakeen erasorik larrienetako bat da», esan zuen Ikasle Abertzaleakek.
Ibaetako campusera inguratu zen Irutxuloko Hitza. Campusa inoiz ez bezala hutsik zegoen, isiltasuna piketeak egiten zebiltzan ikasle talde handi batek puskatu arte.
Lehen datuak orduan jakin ziren; Ikasle Borroka Batzordetik, grebaren jarraipena %97koa zela adierazi zuten. Balorazio oso positiboa egin zuten lehen orduan. Goizeko 7:30ean jende asko zegoen piketeetan parte hartzen, eta ikasgelak ia hutsik zeuden. Batzordearen esanetan, goizak aurrera egin ahala, 80-100 pertsona inguru bilduta ziren. Bartzordearen esanetan, greba eta mobilizazioak espero baino jende gehiagok jarraitu zituen, eta piketeak oso ondo joan zirela iritzi zuen.
Ondoren, Luberri ikastetxeko ikasleekin batu eta Hezkuntza Sailaren eraikinera abiatu zen zutabe jendetsua. Hezkuntza herritik eta herriarentzat edo Erreformarik ez! bezalako ohiuak entzun ziren ozen.
Andia kalera lehenengo iritsi zen zutabea Grosekoa izan zen. Pozik zeuden jarraipenarekin eta Zurriola, Zubiri-Manteo eta Jesuitetan egindako piketeekin. Ondoren txalo zaparrada artean jaso zituzten Ibaetako ikasleak, Polizia gutxiago, hezkuntza gehiago leloarekin.
Azkenik, haien aldarrikapenak jasotzen zituen eskaria helarazi nahi izan zioten Hezkuntza arduradunari. Eraikinera sartzerako momentuan Ertzaintzak oztopoak jarri nahi izan bazituen ere, azkenean lortu zuten sartzea. Nahiz eta Hezkuntza arduraduna ez zegoen bertan. Hala ere, haien eskaria jasoko zen eta erantzuna emango zitzaion konpromezua lortu zuten.
Trabak
Bai unibertsitatean, zein Hezkuntza ertainean, greba eskubidea gauzazetzeko arazoak izan zituztela adierazi zuten. Unibertsitatean, praktika behartuak ez kentzea salatu zuten, eta Hezkuntza Ertainean, azterketak bere horretan egun horietan mantendu zituztela esan zuten. Gainera, Grosen piketeetan ibili zirenek goizetik Ertzaintza atzetik ibili zutela esan zuten.



